Gizartea -

Araudi berria

Indarrean da etxeko animaliak babesteko euskal legea

Animaliei tratu txarrak eman edo horien ongizatearen aurkako jarrerak zigortu asmoz, arau berriak 100 eta 100.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu, zezen-ikuskizunekin, ehizarekin, arrantzarekin eta hiri-izurrien aurkako borrokarekin zerikusia dutenak salbu.

Txakur bat Gasteizko terraza batean. EFEren artxiboko irudia
Txakur bat Gasteizko terraza batean
Txakur bat Gasteizko terraza batean. EFEren artxiboko irudia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxeko animalien babesa handitzen duen euskal legea gaur, osteguna, sartu da indarrean, gaur EAEko aldizkari ofizialean argitaratu ondotik. Arau berriak babes handiagoa emango die maskotei ez ezik, beste etxe-animalia batzuei ere, hala nola zaldiei, ahuntzei eta ardiei.

Legebiltzarrak ekainaren 30ean onartu zuen legea EAJren, PSE-EEren, EH Bilduren eta PP+Csen aldeko botoekin, eta Elkarrekin Podemos-IUren eta Vox taldeko ordezkari bakarraren abstentzioarekin.

Arau berriak 100 eta 100.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu animaliei tratu txarrak eman edo horien ongizatearen aurkako jarrerak zigortzeko. Dena dela, ez dira kontuan hartuko zezen-ikuskizunekin, ehizarekin, arrantzarekin eta hiri-izurrien aurkako borrokarekin zerikusia duten kasuak, horiek araudi zehatzen bidez erregulatzen baitira.

Honako egintza hauek zigortuko dira:

- Edozein motatako armekin animaliei tiro edo eraso egitea.

- Material piroteknikoa botatzea eta arantzadun lepokoa jartzea, baita deskarga elektrikoak edo itotzekoak erabiltzea ere (profesionalen kasuan izan ezik).

- Buztana edo belarriak moztea edo azazkalak eta hortzak kentzea.

- Ikuskizunetan parte hartzen duten animaliak dopatzea, baita alkohola, drogak edo botikak ematea albaitariaren agindurik gabe.

- Animaliak tindatzea.

- Abandonatzea edo beren bizitza arriskuan jar dezaketen egoeretan edukitzea.

- 24 orduz jarraian bakarrik uztea. Txakurren kasuan, epe hori ezin izango da 12 ordukoa baino luzeagoa izan, artzaintzan salbu.

- Harrera zentroetan dauden animaliak sakrifikatzea, animalien osasunak ingurumenean edo ondare artistiko eta arkitektonikoan eraginik ez badu bederen, betiere metodo "ez krudelak eta sufrimendurik gabeak erabiliz".

Eutanasiaren aukera ere ezartzen du lege berriak, gaixotasun edo gaitz sendaezin edo mingarri bat dutenean aplikatu ahal izango dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak