Gizartea -
Indarkeria matxista
Laudioko eta Amurrioko jaietan eraso matxistak izan direla salatu dute
Bi udalerrietako mugimendu feministek elkarretaratzeak deitu dituzte asteazken arratsalderako, asteartetik asteazkenerako gauean izandako eraso matxistak salatzeko. Jaietan daude bi herrietan.
EITB MEDIA
Laudioko Mugimendu Feministak eta Amurrioko Mugimendu Feministak salatu dute asteartetik asteazkenerako gauean eraso matxistak izan direla. Horregatik, elkarretaratzeak deitu dituzte asteazken arratsalderako; 18:00etan, Laudion eta 19:00etan, Amurrion eraso horiek salatzeko. Bi herriak jaiak ospatzen ari dira egunotan.
Hala, sare sozialen bidez, Laudioko Mugimendu Feministak salatu du herriko hainbat tabernatan eta kaletan "eraso matxistak" jazo direla. Hori dela eta, "Erasoen aurrean, autodefentsa feminista" goiburupean, salaketa-elkarretaratzeak deitu dituzte asteazken arratsalderako; 18:00etan izango da, hori, Alberto Acero plazan.
Laudioko Udalak jakitera eman du bat egiten duela mobilizazioarekin, eta ohartarazi du ez duela "inolako erasorik onartuko".
Amurrion, Mugimendu Feministak jakitera eman du, sare sozialetan ere, astearte gauean "beste eraso matxista" bat izan dela, eta salatu dute ez dela jaietan jazotako bakarra. Horregatik, herritarrei deialdia egin diete, elkarretaratzea egiteko Udaletxe plazan 19:00etan.
Udalak iragarri du bat egiten duela elkarretaratzearekin; "Amurrio eraso matxisten aurka" goiburupean egingo dute. Udala, halaber, biktimaren esanetara jarri da.
Elkarretaratzeak deitu dituzten gizataldeek ez dute zehaztu zein motatako erasoak izan diren. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak esan duenez, Ertzaintzak ez du eraso horien berri izan.