Gizartea -

Eraso matxistak

Ertzaintzak ziztaden biktimentzako gomendio sorta kaleratu du

Emakundek eta Eudelek abuztu hasieran eguneratutako protokoloaren ildotik doaz aholkuak, baina 112 larrialdietarako telefonora deitzea lehenetsi du Ertzaintzak, agenteek albait arinen jardun dezaten.

Ziztaden biktimei ingurukoak berehala ohartaraztea aholkatu diete. Argazkia: EITB Media
Donostiako Aste Nagusiaren une bat.
Ziztaden biktimei ingurukoak berehala ohartaraztea aholkatu diete. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak, Euskadiko Udaltzaingoekin batera, gomendioak kaleratu ditu gaur ziztaden balizko biktimentzat. Aholkuok Emakundek eta Eudelek jaietan eraso matxistei aurrea hartzeko gidan jasota daude, eta abuztu hasieran gehitutako sumisio kimikoari buruzko eranskinean bildutakoen oso antzekoak dira. 

EAEko Polizia Autonomikoak hiru urrats aipatzen ditu bere agirian. "Gorputzeko atalen batean ziztada bat edo erresumina sentitu" eta ondoezik izanez gero, inguruan daudenei "berehala" jakinaraztea eta laguntza eskatzea aholkatzen du, aurrena. "Aldi berean", Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuarekin, SOS Deiak 112rekin, harremanetan jartzeko eta gertatutakoaren berri emateko eskatu du. Era horretara, ertzainak eta udaltzainak biktimarekin jarriko dira harremanetan, gertatutakoa argitzen lagunduko duten "datu objektiboak" biltzeko, eta egilea/ak identifikatzeko.

Pauso horiez gain, Emakunderen gidak honakoa jasotzen zuen: ostalaritzako edo txosnetako arduradunak ohartaraztea edo jai gehienetan dauden indarkeria matxistaren kontrako Informazio Gunera jotzea. Ostalariei, txosnen eta puntu moreen arduradunei erasoei aurre egiteko protokoloa aktibatzea (halakorik izanez gero) aholkatzen die Emakumearen Euskal Institutuak, larrialdi zerbitzuak ohartaraztea, eta, beharrezkoa balitz, baita osasun arlokoak ere, biktimak artatzeko. 

Azkenik, Ertzaintzak honakoa gomendatu du hirugarren pauso gisa: Ahalik eta azkarren ospitale batera joateko, mediku azterketa osoa egitera gorputzean substantziarik dagoen egiaztatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Donostiako Aste Nagusia Ertzaintza Emakunde Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Matxismoa EUDEL Sumisio kimikoa SOS Deiak albisteak