Gizartea -

EGURALDIA

Asteburua beroarekin hasiko da, baina, igandean, maximoek behera egingo dute

Larunbatean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Hala ere, igandean tenperatura maximoek behera egingo dute, eta euria bueltatu daiteke, bereziki Kantauri isurialdean.

Baserriak Mañarian ostegun honetan. Argazkia: Marivi Gonzalez de Audicana Velar.
Baserriak Mañarian ostegun honetan. Argazkia: Marivi Gonzalez de Audicana Velar.
Baserriak Mañarian ostegun honetan. Argazkia: Marivi Gonzalez de Audicana Velar.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburua tenperaturen igoerarekin hasiko da, baina igandean maximoek behera egingo dute eta euria bueltatu daiteke, bereziki Kantauri isurialdean.

Larunbatean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Euskalmeten arabera, hegoaldean zerua oskarbi egongo da egun osoan. Iparraldean behe-hodeiak izango dira lehen orduetan eta baita arratsalde-gauean ere, baina, egunaren erdialdeko orduetan, ostarte zabalak izango dira.

Goizetik ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, eta tenperatura pixka bat igoko da; beroenak 30 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, eta 26-27 ºC ingurukoak, kostaldean. Ez da baztertzen, gauean, Kantauri isurialdean, euria egin ahal izatea.

Tenperatura maximoak 32 gradukoak izango dira Iruñean, eta 30ekoak, Gasteizen. Kostaldean, tenperatura maximoak baxuagoak izango dira, eta Bilbon eta Donostian 28 eta 25 gradu espero dira, hurrenez hurren.

Minimoei dagokienez, Gasteiz izango da hiriburu hotzena, 13 gradurekin. Minimoak 16 gradukoak izango dira Iruñean; 18 gradukoak, Bilbon; eta 17 gradukoak, Donostian.

Igandean, zerua lainotuta egongo da, bereziki, ipar partean. Behe-hodei ugari pilatuko dira, batez ere goizean, eta, orduan, euri txikia egin dezake Kantauri isurialdean. Arratsaldean, atertzera egingo du, eta ostarteak zabal daitezke hegoaldean.

Ipar-haizea ibiliko da, eta tenperaturak behera egingo du.

Maximoak 26 gradura helduko dira Iruñean, eta 25 gradutara Bilbon eta Gasteizen. Donostian 23 gradura iritsiko dira tenperatura maximoak.

Berriro ere Gasteiz izango da hiribururik hotzena; minimoak 15 gradukoak izango dira. Iruñean tenperaturak 18 gradura jaitsiko dira, eta Donostian eta Bilbon 19 gradura.

Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostiako informazioa Iruñea azken orduko berriak Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa