Gizartea -
Txostena
Bikoiztu egin da sexu askatasunaren aurkako delituengatik arreta behar izan duten emakume kopurua
Agintzarik landutako txosten baten arabera, 37 emakumek jo dute SATEVIren zerbitzura, aurtengo lehen seihilekoan; iazko epe berean 20 izan ziren. Kasu gehienetan, erasotzaileak gelakideak, lankideak, lagunak, lantokiko nagusiak edo profesionalak (ginekologoak etab) izan dira.
Iker Gonzalez | eitb media
37 emakumek behar izan dute arreta SATEVI Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimentzako Telefono zerbitzuan, aurtengo lehen seihilekoan, horrela, iaz 016ra edo 900 840 111 telefonora arreta eske deitu zuten emakume kopurua ia bikoiztu da.
Hala dago jasota gaur Agintzari Gizarte Ekimeneko Kooperatibak landu duen txostenean. Agintzari Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren erakundea da.
Kontsulta guztiak sexu askatasunaren aurkako delituengatik egin dira, bai bikotekideen arteko harremanetatik kanpo, baita bikotekide ohien artekoetatik ere. Besteak beste, sexu jazarpena, sexu erasoa, sexu abusua, prostituzioa, exhibizionismoa eta adingabeen sexu-esplotazioa delituak daude tartean.
Horrela, txostenaren arabera, delitu horiekin lotutako dei kopuruak goranzko joeran jarraitzen du, hain zuzen, iazko lehen hiruhilekoan 7 emakumeri eman zieten arreta zerbitzuan, 13ri iazko bigarren hiruhilekoan, 15i aurtengo lehenengoan eta 22ri bigarrenean.
Kasu gehienetan, emakumeak aurretik ezagutzen zuen erasotzailea, izan ere, gelakideak, lankideak, lagunak, lantokiko nagusiak edo profesionalak (ginekologoak etab) izan dira erasoon egileak. Kasuren batean ere erasotzailea ezezaguna izan da.
SATEVIk txostenean dioenez, "une honetan ziztadez eragindako sumisio kimikoaren kasuek gora egin dute nabarmen. Izaera matxista argia duten kasu hauek beldurra eragin eta emakumeei sexu-izuaren politikaren bidez jasan lezaketen eraso eta arriskuen erantzule egiteko helburua dute (Kontzeptua Nerea Barjolak erabili zuen lehen aldiz 'Boterearen Mikrofisika sexista' lanean), emakumeak etengabeko alerta egoeran egotera behartuta".
Hori dela eta, sentsibilizazio kanpainekin jarraitzearen alde egin du SATEVIk, kontzientzia soziala bultzatu eta "sexu-indarkeriaren tabua hausteko. Askotan ez dago begi-bistan, eta oso normalizatua eta mitoez inguratuta egoten da, bai bikotearen barruan, baita kanpoan ere".