Gizartea -
BALANTZEA
Eneko Goia: "Herritarrek Aste Nagusiko ekitaldi guztietan izan duten parte-hartzea azpimarratu nahi dut"
Gatibu, Zetak eta Izaroren kontzertuetan bildutako jendetza aipatu du Donostiako alkateak, besteak beste. Su artifizialak bertan behera geratu izanaz, berriz, "segurtasuna" lehenetsi behar dela gogorarazi du.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Bi urteren ondoren, Donostiako Aste Nagusia berriro ere ospatu ahal izatea "ederra" izan dela esan du gaur Eneko Goia alkateak, EITB Mediari emandako elkarrizketan: "Eta ederra izan da, batez ere, jendearen gogoarengatik. Parte-hartze oso handia izan dugu ekitaldi guztietan eta giro onean gainera, orokorrean, eta hori da azpimarragarriena" nabarmendu du.
Jendetza ibili da jaietan eta hainbat ekitalditan milaka lagun bildu dira, kontzertuetan, adibidez. "Atzo izugarrizko jendetza bildu zen, adibidez, Gatiburen kontzertuan, Zetakenean... Izaroren kontzertuak ere oso erantzun ona izan zuen" aipatu ditu alkateak.
Haizeagatik suak bertan behera uztea tamalgarria dela aitortu arren, Goiak argi du segurtasuna gauza guztien gainetik dagoela: "Haizeak abiadura bat gainditzen duenean ez da segurua suak botatzea eta gauza guztietan bezala, segurtasuna lehenetsi behar da". Hala, ekitaldiak galtzea pena dela baina "eguraldia ez dagoela oraindik erabakitzerik" gogorarazi du.
Alderdi negatibo gisa, emakumeen kontrako erasoen kezka hor izan dutela aste osoan esan du alkateak. Ziztadak, sexu erasoak...kezkatuta hasi zutela Aste Nagusia aitortu du, eta azkenean, bi salaketa aurkeztu direla. Hori bai, alderdi positibo gisa, gai honen inguruan izan den elkarlana eta koordinazioa azpimarratu ditu: "Lan ona egin da bai Aste Nagusian baita aurrez ere, protokoloak ezarriz, gune ezberdinetara protokolo horiek zabalduz, azken momentuan ziztaden protokoloa eratsi zen, tabernekin, txosnekin... puntu morea.... elkarlana izan da nagusi".
Orain, pare bat egunez atseden hartu eta hurrengo hitzorduetan murgilduko da alkatea, Hamabostaldia, Abuztuaren 31ko ospakizunak zein estropadak ate joka baitira Donostian.