Gizartea -

indarkeria matxista

Espainiako Kongresuak sexu askatasuna bermatzeko legea onartu du behin betiko, PP eta Voxen babesik gabe

Ostegun honetan atera da argitara legea, La Manada auziko epaia igorri eta lau urtera.

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Sexu Askatasuna Bermatzeko Legea baimendu du ostegun honetan, 'soilik bai da bai' lege gisa ezaguna, PP eta Voxen aurkako boto bakarrekin eta CUPen abstentzioarekin. 2016ko Sanferminetan emakume gazte bati talde bortxaketa egin zioteneko La Manada auziko epaia igorri eta lau urtera, lege berriak abusuaren eta erasoaren arteko bereizketa indargabetuko du, eta berariazko baimen baten beharra arautuko du.

Aldeko 205 boz, aurkako 141 boz eta 3 abstentzio lortuta, polemikaz inguratutako bide luze baten ostean argia ikusi du soilik bai da bai lege gisa ezaguna denak. La Manada kasuko epai eztabaidatuaren ostean -abusutzat jo zuen talde bortxaketa- kalera atera zen oihu feministatik jaso zuen izena.

Hain zuzen ere, ostegun honetako eztabaidan, popularrek azpimarratu dute lege berriak "segurtasun eza" ekar dezakeela berekin eta, hortaz, ez dela "babestu nahi izango genukeen legea". Voxek, berriz, "lotsagarritzat" hartu du legea, "helburua ez baita emakumea babestea, gizona erasotzea baizik".

Gobernua osatzen duten alderdiek, arau berriaren egileek, ez diete kritikei erantzun ordea, eta azpimarratu dute "mugimendu feministaren garaipena" dela legea, eta "mugimendu feministaren aldarrikapenaren erdiespena".

Lege berri horrek Zigor Kodea zaharberrituko du, delitu sexualak epaitzeko modua aldatzeko. Hala, berariazko baimena arautuko du, eta abusuaren eta erasoaren arteko bereizketa indargabetuko du:

- Berariazko baimena gakoa izango da delitu sexualak epaitzeko, eta hala definitzen da: "Baimena dagoela ulertuko da soilik libreki aditzera ematen denean, kasuaren nondik norakoen arabera, pertsona horren borondatea argi adierazten duten ekintzen bitartez".

- Biktimek ez dute jada egiaztatu beharko indarkeria jasan dutenik edo erresistentzia azaldu dutenik. Baimenik gabeko sexu ekintza oro erasotzat hartuko da, eta sexu abusuak aterako dira Zigor Kodetik.

- Delitu sexualen biktimentzako laguntza integrala jasotzen du legeak, horrelako kasuak ekiditeko eta antzemateko neurriekin batera.

- Era berean, hilabete batetik hiru hilabeterainoko isuna hartzen du barne, hirugarren pertsonen irudiak birbidaltzen dituztenei, kaltetutako pertsonaren baimenik gabe grabatu badira eta intimitatea larriki urratzen badute.

- Bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako adin txikikoen amei onartu egiten zaie laguntzak jasotzeko eskubidea, indarkeria bikarioaren biktima diren heinean, eta blindatu egiten du genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunean jasotako neurrien finantzaketa, ezarrita Gobernuak beharrezko aurrekontuko partidak onartu beharko dituela.

- Gainera, sexu erasoak egiten dituzten adingabekoek sexu heziketari eta genero indarkeriari buruzko formakuntza programetan parte hartu beharko dute, PSOEk, Podemosek, ERCk eta Bilduk adostu bezala.

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak esker ona adierazi dio sare sozialetan legearen onarpena "posible egin duen gehiengo parlamentario feministari".

"'Soilik bai da bai' eta 'nik sinesten zaitut' oihu feministak lege bilakatu dira gure herrialdean", ospatu du gaur goizean Monterok. Ministroa "oso harro" agertu da legearekin, eta onartu ahal izateko borrokatu izana eskertu die mugimendu feministari eta biktimei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Indarkeria matxista gaur Espainiako Gobernua argazkiak Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Albisteak Gaur Albisteak Matxismoa Feminismoa