Gizartea -
zientzia
Enbrioi bat sortu dute saguen zelula amekin, burmuinarekin eta taupadak egiten dituen bihotz batekin
Cambridgeko Unibertsitatearen ikerlanaren emaitzek ikertzaileei lagun liezaiekete ulertzen zergatik enbrioi batzuek porrot egiten duten, beste batzuek haurdunaldi osasuntsu baterantz aurrera egingo dutelarik. Gainera, transplanteetarako giza organo sintetikoen konponketa gidatzeko erabili litezke.
agentziak | eitb media
Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek enbrioiak sortu ditu saguen zelula amekin. Burmuin bat, taupadak egiten dituen bihotz bat eta gorputzeko gainerako organoen oinarriak biltzen ditu eredu berri horrek, eta bide berri bat ireki dezake bizitzako lehen aroak birsortzeko.
Magdalena Zernicka-Goetz irakasleak zuzendutako taldeak obulurik eta espermatozoiderik gabeko enbrioi eredu bat garatu du zelula amekin; ia edozein motako zelula bilakatu daitezkeen zelula nagusiak, alegia.
Ikertzaileek prozesu naturalak antzeratu zituzten laborategian, ugaztunen garapen goiztiarrean parte hartzen duten hiru zelula ama motak gidatuz, elkarri eragiten hasten diren unera arte.
Gene multzo zehatz baten adierazpena eragitean eta horien elkarrekintzetarako inguru berezi bat sortzean, zelula amek euren artean "hitz egitea" lortu zuten.
Orduan, zelula amak euren kasa antolatu ziren, garapenaren ondoz ondoko aroetan zehar aurrera egin zuten egituretan; taupadak egiten zituzten bihotzak, burmuinaren oinarriak eta bitelo-zakua (bertan garatzen da enbrioia lehen asteetan, eta bertatik jasotzen ditu elikagaiak) eratu arte.
Laborategiko beste enbrioiek ez bezala, eredu horiek lortu zuten burmuin osoa -aurreko aldea barne- garatzen hastea, inoiz lortu gabekoa.
Taldetik azaldu dutenez, emaitzek ikertzaileei lagun liezaiekete ulertzen zergatik enbrioi batzuek porrot egiten duten, beste batzuek haurdunaldi osasuntsu baterantz aurrera egingo dutelarik.
Gainera, transplanteetarako giza organo 'sintetikoen' konponketa eta garapena gidatzeko erabili litezke emaitzak.