Gizartea -

Trafikoa

Mugako auto pilaketen inguruan galdetuko dio EAJk Espainiako Gobernuari

Kongresuko taldeak mugan dauden "eragozpenen" aurrean hartu litezkeen konponbideen inguruan galdetuko dio, besteak beste, Frantziako Poliziaren kontrolak "eragin txikiagoko beste formatu batzuetara bideratzea".

Auto-ilarak A-8an. Irudia: Trafiko Zuzendaritza
Auto-ilarak A-8an.
Auto-ilarak A-8an. Irudia: Trafiko Zuzendaritza

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Diputatuen Kongresuko taldeak galdera sorta bat erregistratu du, Espainiako Gobernuari zuzenduta, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, Espainia eta Frantzia arteko mugako bidesarietan, izaten ari diren trafiko arazoek sortzen dituzten "eragozpenengatik".

Iñigo Barandiaran diputatuak azaldu duenez, azken urteotan "ohikoa izaten da AP-8 eta A-63 errepideen arteko mugan auto ilarak egotea oporraldiak hasten edo amaitzen direnean". Azpimarratu duenez, aurten bereziki "biziak eta ohikoak" izan dira, eta "eragin handia izan dute nazioarteko trafikoan eta Irungo herritarrengan".

Hori dela eta, EAJk Exekutiboari galdetu dio "zer arrazoiri egozten dizkion bidesarietan eta Frantziako mugan, Biriatun eta Irunen, oporraldi baten hasieran edo amaieran sortzen diren trafiko arazoak, aurten bereziki handiak eta ohikoak".

Ildo horretan, galdetu du ea posible den kilometro askoko auto ilara horiek "Frantziako agintariek ezartzen dituzten mugako kontrolen ondorioz" gertatzea, eta galdetu dio ea elkarrizketarik hasi duen Frantziako agintariekin, "konponbideren bat bideratzeko".

Halaber, "kontrol horiek beste formatu batzuetara bideratzeko aukeraren" inguruan galdetu du, "nazioarteko trafikoarentzat zein, batez ere, Irungo hiriarentzat eta biztanleentzat eragin txikiagoa" izan dezaten. Azkenik, Sanchezen Gobernuari galdetu dio ea jabetzen den "inpaktuaz eta eragozpenez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak A-8 Autobidea