Gizartea -

Algecirasko badia

Gibraltarren hondoa jo zuen ontziak zeramatzan isurien parte bat kostaldera iritsi da

Bestalde, "OS 35" ontziko kapitaina fidantzapean aske utzi dute ostegunean atxilotu ostean, eta britainiar koloniatik ateratzea debekatu.

Ostegunean itsasora isuri zen erregaia. Argazkia: EFE.
Ostegunean itsasora isuri zen erregaia. Argazkia: EFE.
Ostegunean itsasora isuri zen erregaia. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"OS 35" ontziak zeraman gasolioaren erauzketa-lanak arrakastaz amaitu dituzte arratsalde honetan. Astelehenean talka egin zuen Algecirasko badian, eta istripu osteko isuriek eragindako orbanak La Lineako eta El Peñongo kostaldeetara iritsi dira orain.

Arratsalde honetan amaitu da ontziak tangetan zeramatzan 500 erregai tonak ateratzeko lehen ponpaketa-fasea. Ostegun arratsaldean hasi ziren lanak, eta gau osoan zehar luzatu dira.

Istripuaren unean, 250 tona gasolio, 215 tona fuel-olio astun eta 27 tona olio labaingarri zeramatzan ontziak.

Atzotik egindako erauzketan gasolioa atera dute ontzitik, horren makineriak funtzionatzeko bost tona izan ezik, eta fueloil astuna eta labaingarria ateratzeko lanak abiatu dituzte orain.

Bitartean, 50 eta 75 metro arteko orbana iritsi da Cadizko Poniente hondartzara, Linea de la Concepcion kostaldean.

Andaluziako Osasun eta Kontsumo Kontseilaritzak debekatu egin du hondartza horretan bainatzea eta 150 metro inguruko gunea hesitu du. Udaleko garbiketa talde bat aritu da bertan lanean, eta hondakinak kendu ditu jada.

Gibraltarko Portuko Autoritateak (Gibraltar Port Authority, GPA) bihar aldatuko du une honetan "OS 35" ontziari atxikita dagoen hesia, eta diamante itxurako beste bat ezarriko du, gogorragoa.

Aske gelditu da ontziko kapitaina

Istripuaren eraginari aurre egin bitartean, aurrera dirau horri buruzko ikerketak. "OS 35" ontziko kapitaina fidantzapean aske utzi dute atzo atxilotu ostean, eta britainiar koloniatik ateratzea debekatu.

Atxiloketaren aurretik, Fabian Picardo Gibraltarko ministro nagusiak adierazi duen talkaren ostean gelditzeko eskatu ziotela ontziari, baina "ez zen gelditu, ez zituen Gibraltarren aginduak jarraitu eta kalterik ez zuela esan zuen".

"Itsasarterantz atera zen ontzia, bidaia jarraitzeko eta, behin Itsasartera iritsita, Gibraltarren aginduen aurka, hainbeste ur sartu zen ontzian ezen kapitainak ezin izan zuen bidaia jarraitu, eta Gibraltarko Kapitaintzaren aginduak onartu behar izan zituen orduan", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Espainia Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Ekologia azken ordukoa Kutsadura Erregaiak