Gizartea -

Ikasturte hasiera

Eskola garraioa, kolokan, tarifen inguruan desadostasunak daudelako

Jaurlaritza eta eskola garraioko zerbitzua eskaintzen duten enpresak bilduta daude 18:00etatik gatazka konpontzen saiatzeko. Ostegun honetan hastekoa da ikasturtea, eta zerbitzua kolokan dago.

Hainbat ume, eskolara sartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Hainbat ume, eskolara sartzen.
Hainbat ume, eskolara sartzen. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022/23 ikasturterako eskola garraiorako tarifen inguruan desadostasuna dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eskola garraioko zerbitzua eskaintzen duten enpresek, eta, hala, ostegun honetan ikasturtea hastekoa denean, kolokan dago zerbitzua, Direbus Euskadi garraio enpresako iturriek Euskadi Irratiari baieztatu dionez. 

Enpresa horren bozeramaileen arabera, enpresek % 35-40ko igoera galdegin dute kostuei aurre egin eta dirua ez galtzeko. Euren hitzetan, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen Sailak hortik urrun dagoen proposamena egin die —antza, % 6ko hazkundea planteatu die—. Eusko Jaurlaritzak ez du horren inguruko adierazpenik egin. 

Bi aldeak uztaila erdialdetik ari dira negoziatzen, baina ikasturtea abiatzeko egun baten faltan, akordio gabe jarraitzen dute. Direbus Euskadiko arduradunek espero dute 24 orduko epean adostasunen bat lortzea eta 21.000 ikaslek erabiltzen duten zerbitzua bermatu ahal izatea. 

Jaurlaritza eta eskola garraioko zerbitzua eskaintzen duten enpresak bilduta daude 18:00etatik gatazka konpontzen saiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Garraio publikoa