Gizartea -
HONDAKINEN KUDEAKETA
Errausketaren aurkako mugimenduaren protesta Donostian, Zubietako plantaren eta Bergarako proiektuaren kontra
Giza-katea egin dute Kontxa hondartzan "Erraustegia gelditu. Sistema aldatu" leloarekin, hondakinen kudeketa politiketan aldaketa eskatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errausketaren aurkako mugimenduak eta hainbat talde ekologistak deituta, giza-katea egin dute eguerdian Donostiako Kontxa hondartza, Zubietako errauste plantaren aurka.
Martxa 11:15ean abiatu da Alderdi Ederreko lorategietatik eta Kontxako hondartzara sartu da. Parte-hartzaileek, "Erraustegia gelditu. Sistema aldatu" zioen pankarta eraman dute aurrealdean eta "Errausketarik ez" esaldia ere osatu dute hainbat boluntariok letraz letra. Kontxako badiaren zabor-poltsaz beteta ageri zen kartel erraldoia eta errausketaren aurkako irudiak eta leloak ere zabaldu dituzte manifestariek. Ondoren, Alderdi Ederreko lorategietara itzuli dira.
Zubietako erraustegiak ez duela "funtzionatzen" salatu du Maria Luisa Sanchez errausketaren aurkako mugimenduko bozeramaileak, "jendeak gutxiago birziklatzea" dakarrela, eta "gero eta zabor gehiago" sortzen dela.
Bergaran hondakin industrialentzako erraustegia eraikitzeko proiektua ere gogor kritikatu du Sanchezek, eta "guzti-guztia birziklatu" beharra dagoela nabarmendu du.
ELAk, LABek, CC.OO.k EH Bilduk eta Ezker Anitza-IUk bat egin dute protestarekin. Ezker Anitzak oharra kaleratu du gero esanez "ingurumenaren aldeko horrelako protestak inoiz baino beharrezkoagoak" direla. Larrialdi klimatikoa kontuan hartu beharra dagoela ohartarazi du eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela "benetako inplikazioa" salatu du.
"Marketinga alde batera utzi eta Hondakieen Lege berria betetzea" eskatu dio Ezker Anitza-IUk Gipuzkoako Foru Aldundiari, lege horrek organikoa gainontzeko hondakinetatik bereiztera derrigortzen duela gogoraraziz.