Gizartea -

Hezkuntza

Euskadiko Hezkuntza Legearen zirriborroaren gakoak

Kontsultatu hemen lege berriaren nondik norakoak.

Hainbat ume, eskola batean. Argazkia: EFE
Hainbat ume, eskola batean.
Hainbat ume, eskola batean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroaren gako eta berritasun nagusiak:

NON EZARRIKO DA?

Hezkuntza Legea Euskadin 40 urtean onartutako bigarrena izango da, baina hezkuntza sistema osoa arautuko duen lehena. Izan ere, zentro itunduak ere hartuko ditu barne lehen aldiz. Hori bai, argi utzi dute euskal hezkuntza sistemaren protagonista euskal eskola publikoa izango dela.

Legeak ez du eraginik izango unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan, araudi propioak dituztelako.

DOAKOTASUN BERMEAK

Zirriborroaren arabera, EAEko hezkuntza sistema osoa doakoa izango da, itunpeko zentroak ere bai. Horrenbestez, ikastetxe horiek ezingo dute kuotarik kobratu derrigorrezko hezkuntza eskaintzeagatik.

Horren haritik, Hezkuntza Sailak ikuskapenak egingo ditu zentro horietan, doakotasuna betetzen dela bermatzeko.

BEREIZKETARIK EZ

Euskal hezkuntza zerbitzu publikoko ikastetxeetan ez da sexu-bereizketarik onartuko, eta ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna bermatuko dute, aplikagarria zaien araudian ezarritako baldintzetan.

Era berean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik bereiztea saihesteko neurriak hartuko dira. 

IKASTETXE HAUTAKETA ETA MATRIKULAZIO PROZESUA

Herritarrek eskubidea izango dute nahi duten ikastetxea hautatzeko.

Gainera, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan, ikasleak onartzeko prozedura bakarra arautuko dute.

Horren ildotik, Udal Hezkuntza Kontseiluak sortuko dituzte. Besteak beste, herrietako beharrak identifikatzea eta eskaintza antolatzea eta banatzea izango dute helburu. Horrenbestez, gurasoek erakunde horietan bertan jaso ahalko dute informazioa, ikastetxeetara banan-banan gerturatu beharrean.

EUSKARA ETA BESTE HIZKUNTZA BATZUK

Euskara ardatz izango duen sistema eleanitza izango da Euskadin, bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bitartez bideratuz.

Zentzu horretan, ikasleek, jatorririk kontuan hartu gabe, ikasketak amaitzerakoan bi hizkuntza ofizialetan antzeko maila, eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza izatea da legearen erronka.

Gainera, hezkuntza sistemaren erreferentziazko hizkuntza gisa, euskararen papera sendotu nahi du, eskola testuinguru formalean eta ez formalean erabilera aktiboa sustatuz.

Helburu gisa zehaztu dituzten hizkuntza mailak:

- Lehen Hezkuntza bukatzerako, B1 maila izango dute ikasleek bi hizkuntza ofizialetan, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

- Derrigorrezko Bigarren hezkuntza amaitzerakoan, bi hizkuntza ofizialetan B2 maila izan beharko dute ikasleek. 

Irakasleen kasuan, trebakuntza planak bultzatuko dituzte euskara C1 maila edo gehiago lortzeko, baita ingeles C1 maila ere.

LAIKOTASUNA

Irakaskuntza laikotasunera bideratuko dute ikastetxeek, erlijioak errespetatuz, eta sinesmen aniztasunaren gaineko funtsezko ezagutza bultzatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza