Gizartea -
bizkaia
Urpekari boluntarioek 190 kilo itsas hondakin atera dituzte Lekeition
Lekeitioko Urpeko Taldeak, Dzanga Piragua Taldearekin lankidetzan, Bizkaiko kostaldeko herriko portuan eta kostaldean esku hartu du, Itsas Hondoen Nazioarteko Garbiketa Handiaren VIII. edizioaren baitan.
agentziak | eitb media
Urpekari boluntarioek 190 kilo itsas hondakin atera dituzte larunbat honetan Lekeition; besteak beste, plastikoak, latak, metalezko atalak eta beira.
Lekeitioko Urpeko Taldeko boluntarioek, Dzanga Piragua Taldearekin lankidetzan, Bizkaiko kostaldeko herriko portuan eta kostaldean esku hartu dute, Itsas Zaindarien Sareak jakinarazi duenez.
Asteburu honetan zehar Itsas Hondoen Nazioarteko VIII. Garbiketa Handia izaten ari da, aldi berean Espainiako Estatuko 30 gunetan.
Hala, hogeita hamar bar partehartzailek, urpekari, piraguista eta lurreko langileen artean, Lekeitioko uretatik 190 kilo hondakin kanporatzea lortu dute. Udalak, EKPk, Kiñukak, Danobatek eta Eikak ere parte hartu dute, halaber, ekimenean.
Eguraldi kaxkarraren ondorioz atzeratu dituzten beste bi jarduketa gehitu behar zaizkio gaurkoari. Izan ere, datorren larunbatean, urriak 1, Itxas-Dive Urpekaritza Klubeko boluntarioak Zierbenako portuan hondoratuko dira bertatik hondakinak ateratzeko, bainulari eta bisitari ugari izaten baitira inguruko jatexeetan. Ekimen horretan parte hartuko dute Zierbenako Portuak, Nakursabek, Bizkaiko Urpeko Jardueren Federazioak, Kantauri Garbiak eta Zierbenako Udalak.
Getxon egitekoa zen Itsas Zaindarien ekintza, berriz, hurrengo igandeko (urriak 2) goizeko 09:00etara atzeratu dute. Marefondum Elkartea eta Divertek Klubeko urpekari boluntarioak izango dira bertan protagonista, Surfrider Foundation elkartearekin eta Getxoko Udalarekin batera. Kasu honetan, Areetako Kaia izan da hautatutako kokapena.