Gizartea -

HERRI GALDEKETA

Aurten ere, Gabonetako argiak piztuko dituzte Astigarragan

Udalak deitutako herri galdeketan parte hartzea oso txikia izan da (269 boto), eta horien artean 165ek baiezko botoa eman dute.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabonetako argiak piztu ala ez Astigarragako Udalak egindako herri galdeketan, baiezkoa nagusitu da. Dena dela, Astigarragak 7.000 biztanle inguru dituela kontua izanda, parte-hartzea oso txikia izan da (269 boto). EITB Mediak jakin ahal izan duenez, 165ek (% 61,3) baiezko botoa eman dute; 104k (% 38,7), ezezkoa.

Galdeketa irailaren 16tik 23ra bitartean egin dute, telematikoki edo Erriberako bulegora joanda.

Udalak esana zuen emaitza loteslea izango zela eta asmo hori berretsi du gaur goizean Aintzane Barandiaran Astigarragako Parte hartze zinegotziak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, asmoa zen 16 urtetik gorako herritarrek parte har zezaketen, eta % 8-9k baliatu dute beren boto eskubidea. Ildo horretatik, nabarmendu du % 80 emakumezkoak izan direla.

15.000 euroko kostua izango du Astigarragako kaleak argiekin apaintzeak.

Herritarren hitza errespetatuz, abenduko bigarren edo hirugarren astean jarriko dituzte Gabonetako argiak Astigarragan, eta, iaz bezala, led gisakoak izango dira.

Dena dela, parte hartze zinegotziak azpimarratu du, hurrengo urteei begira, zer egin ikusi beharko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa EAE albisteak Gabonak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Astigarraga albisteak Albisteak