Gizartea -
HEZKUNTZA
Zortzi urte egiten dituzten zuzendariek "irakaskuntza kargarik gabeko urtebeteko baimena" izan ahalko dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikastetxe publikoetako zuzendaritza karguen inguruko dekretua prestatzen ari da.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariei buruzko dekretu bat prestatzen ari da. EITB MEDIAk eskuratu ahal izan duen zirriborroaren arabera, bigarren agintaldia amaitu, eta ebaluazio positiboa izan duten zuzendariek "irakaskuntza-kargarik gabeko urtebeteko baimena" izan ahalko dute, ordainsaria duena.
Zuzendari gisa zortzi urte egin ondoren eta, eskolak ematera itzuli aurretik, "birziklatzeko" ikasketak edo zuzendaritza talde hasiberrientzako tutoretza lanak egiteko aukera izango dute.
Halaber, agintaldia amaitzean eta ebaluazio positiboa jaso ondoren, ikastetxez aldatzeko lehentasuna izango du.
Arauaren helburua da, batetik, ikastetxeetako zuzendaritza lana bultzatzea eta horri balioa ematea, eta bestetik, zuzendari lana "erronka profesional zirraragarri eta erakargarri" bihurtzea.
Zuzendariek, gainera, egutegia eta ordutegia malgutu ahal izango dituzte, karguari dagozkion zereginak egiteko ikastetxearen ohiko ordutegi eta egutegitik kanpoko jardueretan emandako denbora konpentsatzeko.
Astearteroko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, zuzendaritza dekretuarekin "hezkuntzan giltzarri den figura" bat azpimarratu nahi da.