Gizartea -

IKASTOLEN FESTA

Milaka pertsona bildu ditu 2022ko Kilometroak festak Ibarran, Gipuzkoako Ikastolen alde

Kilometroak jaiari esker lortzen duten dirua Uzturpe ikastolaren kanpo espazioa bermoldatzeko erabiliko da, besteak beste. EITBren txokoa ikastolan egongo da eta "Go!azen: Karaokea" ikuskizuna izango da bertan.

Jendea Ibarrako plazan, Kilometroak jaian parte hartzen. Argazkia: EITB
Jendea Ibarrako plazan, Kilometroak jaian parte hartzen. Argazkia: EITB
"Irribarra" lelopean, milaka lagun ari dira Kilometroak gozatzen Ibarran

01:29

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kilometroak 2022 Gipuzkoako ikastolen jaiak milaka pertsona bildu ditu Ibarran, pandemiaren aurreko normaltasunez ekintza eskaintza zabalaz gozatzeko parada izan dutenak. Jaiak formatu berria estreinatu du: zirkuiturik gabe eta guneekin, baina ezohiko eran prestatuta.

"Irribarra" lelopean eta Uzturpe Ikastolak antolatuta, eguzkipean, Kilometroak jaialdira bertaratu direnek euskal musika ibilbidean parte hartu dute; Xsakara, Xiberoots eta Go!azen-en emanaldiekin, besteak beste. Ekimen gastronomikoak ere izan dituzte gozagai, Eusko Label pintxoekin, herri bazkariarekin eta taloekin; baita jolasak, hitzaldiak, dantza eta zirku emanaldiak ere. 12:00etan, parte-hartzaile guztiek elkarrekin abestu dute 'Txoriak Txori' abestia.

Lau ardatzen edo gairen bueltan antolatu dira ekitaldiak: Sormena, Jolasak, Musika eta Gastronomia.

Kilometroak 2022 honi esker lortzen duten dirua Uzturpe ikastolaren kanpo espazioa bermoldatzera eta barneko espazioak metodologia berritzaileen zerbitzura egokitzera bideratuko dira.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ikastolen, gurasoen eta bestelako gizarte eragileen lana goraipatu du irekiera ekitaldian egindako mintzaldian. Nabarmendu duenez, "beste inguru batzuetan, euskararen osasuna makalagoa da" baina, hala ere, "oraindik ere badugu zer egin aurretik".

"Horregatik, gaurkoa bezalako egunek animoz bete behar gaituzte guztiok; familiak, gizartea, baita erakundeak ere, guztion ahaleginarekin euskararen zutabeak sendotzen jarraitzeko", gaineratu du.

Hezkuntza Lege berriari dagokionez, esan du Eusko Jaurlaritzatik hori "bultzatzeko ilusioarekin" ari direla lanean. "Lege horren bitartez, gure herriko errealitate desberdinetatik euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustua egiten dugu".

"Hezkuntza komunitate osoaren ardura izango da ikasleei profil eleanitza eta kultura artekoa garatzen laguntzea", adierazi du sailburuak. Ikastolak zoriondu ditu: "mundu global eta kultur anitzeko batean integratzeko eta euskararen erabilera aktiboarekin konprometitzeko, euskal kultura garatzeko, jakinmina eta motibazioa lantzeko... lan handia egiten duzue ikastolek". "Guztion ahaleginari esker, bidea egiten jarraituko dugu", amaitu du.

EITBk ere txoko berezia izan du igande honetan Ibarran. Ikastolan kokatu da 3 klubaren espazioa, eta "Go!azen: Karaokea" ere izan du publikoak gozagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Kilometroak Herriak eta Hiriak Albisteak Gipuzkoa Tolosa albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Ibarra herrian?