Gizartea -

OSASUN PUBLIKOAREN LEGEA

Legebiltzarrean oposizioko alderdiek uste dute zehaztasun falta dagoela osasun publikoaren lege berrian

Osasun publikoaren lege egitasmoan gabeziak azpimarratu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, zentzu askotan hobetu daitekeela uste dute. Hala, ekarpenak aurkezteko prest agertu dira guztiak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua asteazken honetan Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Irudia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua asteazken honetan Legebiltzarreko Osasun Batzordean
Gotzone Sagardui Osasun sailburua asteazken honetan Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Irudia: EFE

A. S | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeak asteazken honetan eztabaidatu du Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 27an onartutako osasun publikoari buruzko lege proiektua. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurkeztu du "herritarren beharrei erantzuteko tresna eraginkorra" izatea helburu duen ekimena. Orain taldeek testuari ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Eusko Legebiltzarrean oposizioko alderdiek, baina, estu hartu dute osasun publikoko legea, lausoegia delako, eta apenas zehazten dituelako neurriak gaixotasunen prebentzioari eta osasun publikoa bermatzeari begira. Sagarduik, hala ere, azpimarratu du lege garrantzitsua izango dela, besteak beste, tresnak emango dizkielako tokiko erakundeei osasun larrialdien aurrean erabakiak hartzeko.

96 artikulutan egituratuta dagoen proposamenaren xehetasun guztiak eman ditu sailburuak talde parlamentarioen aurrean, eta beste behin berretsi du osasun publikoaren legeak balioko duela osasun poilitikak txertatzeko gizartearen alor guztietan, besteak beste, mendekotasunen prebentziorako, ohitura osasungarriak sustatzeko, lan-osasuna bermatzeko, eta hain zuzen, covidaren tankerako larrialdietara begira, neurriak hartu ahal izateko.

Oposiziotik, hala ere, salatu dute orokorregia eta lausoegia dela aurkeztutako dokumentua, neurri zehatzik ez dakarrelako, eta herritarren berdintasunerako bermerik ez duelako jasotzen, bereziki buru osasunari eta aho-hortzetako zainketei dagokienez.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak esan du lege proiektua "nahasia, errepikakorra eta koherentziarik gabea" dela, eta uste du "integratu gabeko osasun kontzeptu bati" erantzuten diola. Gainera, adierazi du bere taldeak bere ekarpenak aurkeztuko dituela Legebiltzarrean izapidetzen ari den bitartean, osasun publikoko eredu baterantz "norabidea markatzeko".

Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezen ustez, lege proiektua beharrezkoa da, baina atal askotan "generikoegia" geratu dela uste du, eta "ahulgune batzuk" dituela uste du. "Lege oso garrantzitsu baten aurrean gaude, eta jarrera eraikitzailearekin eta espiritu kritikoarekin ekingo diogu; kudeaketa publikotik osasun publikoa indartzeko lan egingo dugu, sistema parte-hartzailea eta duina izateko", gaineratu du.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak "protagonismo handiegia" eta "ikuskera egozentrikoa" egotzi dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta azpimarratu du "osasunak ez duela mugarik", guztiontzat osasun publikoko sistema bakarra aldarrikatuz.

Jaurlaritza osatzen duten alderdiei dagokionez, Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak legea babestu du, "beharrezkoa" eta "ona" dela argudiatuz, baina gaineratu du horrek ez duela esan nahi "hobetu" daitekeenik, ikuspegi desberdinetatik. Hala, oposizioak erakutsitako "posibilismoa" eskertu du.

Ekain Rico PSEko legebiltzarkideak, bestalde, zoriondu egin du Jaurlaritza pandemiaren ostean "behar-beharrezkoa" ikusten duen testua aurkezteko egindako lanagatik.

Sailburuak talde parlamentarioei bere esker ona adierazi die, eta "guztion artean elkarrizketa irekia" izatea espero du, "ahalik eta legerik onena" lortzeko. "Aurrean dugun erronka ez da oraingo erronka bat, etorkizunera eta hurrengo belaunaldietara begira baizik", adierazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak