Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi irratian
Lehen Arretan betetzeko zailak diren lanpostuetarako pizgarriak lantzen ari dira, Sagarduik esan duenez
Osasun sailburuak zehaztu du "diru pizgarriak" ez ezik, ordutegi alorreko moldaketak edota LEPetan pisu handiagoa izatea ere aztertzen ari direla. Neurri "erakargarrienak" ezartzeko prest agertu da.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argitu duenez, Osasun Saila ari da Lehen Arretan betetzeko zailak diren lanpostuetarako, besteak beste landa eremukoak, pizgarriak "pentsatzen eta lantzen", eta profesionalentzat "erakargarrienak" direnak martxan jartzeko prest agertu da.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan zehaztu du pizgarri horiek ez dutela soilik soldata alorrekoak izan behar, eta ordutegi moldaketak ere eskatu dituztela profesionalek, baita Lan Eskaintza Publikoetan (LEP) pisu handiagoa izatea ere. Horiek guztiak gaur egun dauden ordainsariei batuko zaizkiela azpimarratu du.
Pandemia tarteko, itxaron zerrendak hazi egin direla eta, Sagarduik esan du hori konpontzeko lanean ari direla, eta jakinarazi du urtarrila eta ekaina bitartean, bederatzi egunean murriztu dutela itxaronaldia. Gogorarazi duenez, "hiru hilabetez, azarotik urtarrilera, geldi egon behar izan ginen, eta premiazkoak ziren kirurgiak bakarrik egin genituen. Ez dugu ahaztu behar nondik gatozen".
Musukoa garraio publikoan derrigorrezkoa izateko neurria altxatuko ote den galdetuta, sailburuak azpimarratu du Osasun Publikoko lurralde arteko batzordean gaia ez dela eztabaidatu ere egin, eta Osasun Sailak eta berak uste dutela erabakia irizpide zientifikoetan oinarrituta hartu behar dela.
Azkenik, ESK sindikatuak egindako salaketa hizpide —LEPan irregulartasunak salatu zituzten hiru anestesistetatik bik lana utzi dutela "tratu txar eta jazarpen instituzionalagatik"—, Sagarduik azpimarratu du Osakidetzak "berdin, errespetuz eta dagozkien baldintzekin", tratatzen dituela profesional guztiak. Hartara, babesa agertu dio Osakidetzaren zuzendaritzari: "Ez da egon tratu ezberdinik, ez txarrik ez onik. Denei tratu bera ematen diegu".