Gizartea -

Zientzia

Eraikin berri bat egingo dute Donostiako DIPCn, jauzi kualitatiboa emateko

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, ikerketa bide berriak ireki nahi ditu zentroan inbertsio hori baliatuz.

Donostiako DIPCko ikertzaile bat lanean. Argazkia: EITB
Donostiako DIPCko ikertzaile bat lanean. Argazkia: EITB
Donostiako Physic Center handituko dute, 15 milioi eurotik gorako ibertsioa egin eta eraikin berri altxatuta

01:50

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia International Physics Center fisika ikerketa-zentroak, eraikin berria izango du 2025ean, eta jauzi kualitatiboa emateaz gain, disziplinak ugaritu ahal izango ditu, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eman du eraikinaren berri DIPCren zentroan bertan, Donostian, eta alboan izan ditu iragarpena egiteko Pedro Miguel Etxenike DIPC fundazioaren zuzendaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia alkatea.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du, eta DIPCen, egungo instalazioetako aparkaleku batean, eraikiko dute. Gaur egun, lau eraikinek osatzen dute DIPC, EHUren Ibaetako kanpusaren barruan.

Proiektua oraindik esleipen fasean dagoen arren, "fisikaren abangoardian DIPCek duen irudia" indartzeko balioko duen eraikin "enblematikoa" egin nahi dute, eta 14 milioi euro inguruko aurrekontuarekin 6.000 metro koadroko eraikina altxatuko dute.

Azaldu dutenez, eraikina ez da egungo jarduera indartzeko izango, baizik eta partikulen fisikan, kosmologian eta neurofisikan ikerketa lerro berriak irekitzeko, esperimentazio ikerketa zabaltzearekin batera.

Bildarratzek proiektua aurrera eramateko erakundeek izandako jokabide "arduratsua" txalotu du, eta azpimarratu du Jaurlaritzak "apustu sendoa" egin duela "zientziaren, ikerkuntzaren eta bikaintasunaren" alde.

Pedro Miguel Etxenike DIPC fundazioaren presidenteak zentroaren historia errepasatu du, eta ondoren, gustura agertu da bere amets "baikorrenak ere" gainditu dituelako zentroak, egungo instalazioak "txiki" utziz.

Etxenikek harrotasunez adierazi du, era berean, "Euskadi zientzia herrialde" bilakatu dela, Donostia zientzia hiri bezalaxe.

Gaur egun DIPCk 180 ikertzaile ditu, tartean bi Nobel saridun, eta ikertzaileen ondokoekin eta bisitariekin batera, 35 nazionalitateko komunitatea osatzen dute.

Teknologia kuantikoarekin eta superkonputagailuekin lotutako ikerketak dira nagusi orain zentroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza Gipuzkoako Foru Aldundia