Gizartea -

Barakaldoko krimena

Hilketa 'ez zen bat-bateko ekintza izan', Ertzaintzaren ustez

Agenteen esanetan, hiltzaileak ''denbora behar izan zuen'' hilketa burutzeko, eta ''litekeena da'' tokia aurretik bisitatu izana. Cristinari bizkarretik eraso ziotela gaineratu dute.

Cristina Estebanez emakumearen hilketaren epaiketa. EITB
Cristina Estebanezen hilketaren epaiketan, polizia zientifikoak deklaratu du

00:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Estebanez emakumearen hilketaren epaiketak laugarren eguna izan du ostiral honetan, eta Ertzaintzako polizia zientifikoko agenteek egin dute bertan agerraldia. 2010ean hil zuten Estebanez, Barakaldoko bere etxebizitzan, eta emakumearen bikotekide ohiari egotzi diote hilketa.

Hilketa ikertu zuten Ertzaintzako agenteen esanetan, hiltzailea sasoi onean zegoen eta eskalada materiala erabili zuen eraikinean gora igotzeko. Haldutakoan, hainbat soka beste horma batean lotu eta, soka horiekin ''rapel'' eginaz, zazpi bat metro jaitsi zen bertatik, emakumearen balkoira heltzeko.

Operazio hori ez zen ''bat-batekoa'' izan, agenteen esanetan, eta ''denbora'' behar izan zuen hori guztia egiteko. Gainera, litekeena da aurretik tokia bisitatu izana.

Akusatua 8 urteko zigorra ari da betetzen egun, hildako emakumeari tratu txarrak emateagatik, eta aste honetan bertan deklaratu du epaiketan. Horren hitzetan, emakumea ''istripu'' baten ondorioz hil zen, ''borrokan'' ari zirela. Polizia zientifikoaren arabera, baina, bizkarretik eraso zioten Cristinari.

Akusazioak 40 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta hilketa aldez aurretik planifikatu zuela defendatu du. Hilketaren arma ere bertara eraman zuela argudiatu du.

Astelehenean, aldeek ondorioak aurkeztuko dituzte, eta epaimahaiak erabakia hartzeko moduan geratuko da auzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea