Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute gaurko EAEn baso sute arriskuagatik
Segurtasun Sailaren neurriak EAE osoari eragingo dio 09:00etatik 00:00etara, hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuagatik eta lurra lehor dagoelako.
eitb media
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du igande honetarako baso sute arriskuagatik.
Abisua indarrean egongo da igande honetako, hilaren 16ko, 09:00etatik gauerdira arte.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, igandea egun beroa izango da Euskadin.
Hala, hego-haizea bizitu egingo da eta giro beroa utziko digu Kantauri isurialdean. Kostaldean, berriz, zaila izango da brisa altxatzea, eta hortaz, beroenak 30 ºC ingurukoak izango dira. Hegoaldean hego-haize biziak ez du tenperatura larunbatean baino gehiago igoaraziko, eta berdintsu jarraituko dute tenperatura maximoek.
Zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko dira, batez ere arratsaldetik aurrera, baina oro har giroa argia izango da.
Igandean bero handia egingo du, eta horri hego haizea eta lurra lehor dagoela gehituta, Jaurlaritzak abisua ezartzea erabaki du.
Nafarroan, tenperatura maximoak igo eta minimoak jaitsiko dira. Bertan, zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egotea espero da, hodei baxuekin eta hasieran kantauriar isurialdean lanbro edo behe-laino sakabanaturen bat izateko aukerarekin.
Estatuko Meteorologia Agentziak, gainera, haize-bolada ahulak iragarri ditu, hego eta hego-ekialdekoak, eta gogorragoak izango dira ipar hereneko goi-zonetan egunaren erdiko orduetan.