Gizartea -

EPAIKETA

Kote Cabezudo akusatuen aulkian eseriko da berriro, adingabe baten irudiak Youtubetik ez kentzeagatik

Auzitegi Gorenean errekurrituta dagoen auzi nagusitik bereizitako auzi txikiago batengatik epaituko dute gaur. Argazkilari donostiarra espetxean dago 2018az geroztik.

Kote Cabezudoren aurkako auzi nagusiaren epaiketa. Artxiboko irudia: EITB Media
Kote Cabezudoren aurkako auzi nagusiaren epaiketa. Artxiboko irudia: EITB Media
Kote Cabezudoren aurkako auzi nagusiaren epaiketa. Artxiboko irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarra berriz ere epaituko dute gaur ustez adingabe baten irudiak Youtubeko kanaletik kentzeko agindu judizial bat ez betetzeagatik. Gipuzkoako Fiskaltzak 12 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du argazkilariarentzat. Gogoratu behar da ekainean 28 urte eta 2 hilabeteko kartzela zigorra ezarri ziotela Cabezudori auzi nagusian, 17 neska gazteren aurkako sexu abusu, bortxaketa, pornografia eta iruzur delituengatik. 

Cabezudo espetxean dago 2018az geroztik, auzi nagusitik bereizitako hainbat auzi txikirengatik zigorrak betetzen. Hain zuzen ere, gaur Donostiako zigor-arloko epaitegian egingo den epaiketa auzi nagusitik aparte dagoen auzi txiki horietako bati dagokio.

Kasu honetan, Fiskaltzak adin txikiko neska gazte baten argazki eta bideo materiala YouTubeko kanal batera igotzea leporatzen dio. Aipatu emakumea argazkilariaren aurkako auzi nagusiko salatzaileetako bat zen, eta, besteak beste, sexu erasoa egin izana leporatzen zion.

Hirugarren saiakera izango da astearte honetakoa; izan ere, 2021eko martxoan, defentsak auzi nagusiari dagokion dokumentu bat gehitzeko eskatu zuen, eta urte bereko urrian, peritu baten oporrak medio, ezin izan zen epaiketa egin.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak urtebeteko kartzela zigorra eskatuko du argazkilariarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak