Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Bortxatu ondoren biktima isilik egoteak ez du esan nahi erasotzailea errugabea denik, Gorenaren arabera

Kaleratu berri duten epai batean, Auzitegi Goreneko magistratuek ebatzi dute "hainbat arrazoi" dituela biktimak bortxatu ondoren gertatutakoa ez salatzeko eta isilik egoteko.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bortxatu ondoren biktima isilik egoteak ez du esan nahi erasotzailea errugabea denik. Isiltasun horrek ez du gertatutako erasoa "deskalifikatzen", eta ez du esan nahi biktima gezurretan ari denik ere. Hala ebatzi du Auzitegi Gorenak, Madrilen 2020an gertatutako sexu eraso bat argitzeko egin den epaiketan. Epaileen arabera, "ez da baztertu behar" biktimak "gertatutakoa hotzean hausnartu ondoren" hartzea salatzeko erabakia.

Epaitu duten kasuan, gizon batek bikotekide ohiari sexu erasoa egin zion, eta labana batekin hiltzen saiatu zen, lepoan zauri handi bat eginda. Aurkeztu zuen helegitean, akusatuak argudiatu zuen bere "errugabetasun presuntzioa urratu" egin zela, eta biktimaren deklarazioa "kontraesanez beteta" zegoela. Halaber, gertakarien ondorengo lehen unean biktima "isilik" egon zela azpimarratu zuen behin eta berriz epaiketan erasotzaileak. Argudio hori erabili zuen errugabea zela azaltzeko.

Errekurtsoa atzera bota, eta 13 urteko espetxe zigorra ezarri dio Gorenak gizonezkoari. Halaber, 12.300 euroko kalte ordaina ere ordaindu beharko dio biktimari, sexu erasoa eta homizidio saiakera egotzita.

Kaleratu berri duten 14 orriko epaian, Auzitegi Goreneko magistratuek ebatzi dute "hainbat arrazoi" dituela biktimak bortxatu ondoren gertatutakoa ez salatzeko eta isilik egoteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Auzitegi Gorena Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak