Itxi

Gizartea

Klima aldaketa

Ordezko lehengaiak, zementuaren ekoizpenak sortutako CO2 emisioak murrizteko

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Cementos Lemonak abian ditu hainbat neurri deskarbonatazio prozesuaren emisioek % 7 behera egin dezaten; izan ere, prozesu horrek zementua ekoiztean sortzen diren CO2 emisio gehienak eragiten ditu. Halaber, ordezko erregaiak baliatzen dituzte % 50ean behar den energia termikoa izateko.

2:53

Ordezko lehengaien alde egitea. Cementos Lemonako zementu fabrikako zuzendari Carlos Moreno Polok eitb.eus-i azaldu dionez, hori da bidea zementua ekoiztean sortzen diren CO2 emisioak murriztu ahal izateko. Hala, Cementos Lemonak abian ditu hainbat neurri deskarbonatazio prozesuaren emisioek % 7 behera egin dezaten; izan ere, prozesu horrek zementua ekoiztean sortutako CO2 emisio gehienak eragiten ditu. Horrez gain, ordezko erregaiak baliatzen dituzte % 50ean, labe birakarian behar den energia termikoa eskuratzeko.

Testuinguru horretan, bi harrobik, Murgia Mendikoak eta Apariokoak, hornitzen dute lehengaiaz Cementos Lemona. Horietan, kontrolatutako leherketak egiten dituzte, eta arrokak lortu; harrobian bertan birrindu egiten dituzte, tamaina txikiagokoak izan daitezen. Birrinduta, fabrikara iristen dira zinta baten bidez.

Zementua egitean, lehen inpaktu ekologikoa baliabideak erauztean agertzen da. Inpaktu hori murrizteko, dio Carlos Morenok, "beste industria batzuetako hondakinak" baliatzen dituzte. "Bestela, gai horiek zabortegira joango lirateke", gehitu du. Gai horiek dira, adibidez, paper fabrikako lohiak, burdinolako hareak, eta altzairutegiko zepak: "Helburua baliabide natural gutxiago erabiltzea da. Urtean, lehengai horietako 80.000-100.000 bat tona baliatzen ditugu. Erabili ezean, zabortegira eramango lituzkete".

Lehengaia irudiko zintaz heltzen da Cementos Lemonara.

Hurrengo pausoa (Iñigo San Jose zementu ekoizpenaren buruak ere gidatu gaitu) lehengaietako nabea da. Beharrezko proportzioan elikatuta, "irin gordina" izenekoa ekoizten du: "Proportzio horiek errota batean sartzen dira, eta ia-ia hauts bilakatzen dira. Irin gordina kiskali egiten da, eta bertatik klinkerra ateratzen da. Hori zementuaren funtsezko osagaia da", eta CO2 emisioak sortzen ditu.

Klinkerrak bere propietateak lortu ahal izateko, 1.450 bat graduko tenperatura behar da. Irina gordina, hortaz, dorre bero-trukagailura heltzen da, eta hasieran 1.000 bat graduetara berotzen dute. Gordinaren deskarbonatazio prozesua hasten da: "Zementua ekoiztean sortzen diren CO2 emisioen % 65-70 prozesu horrek sortzen ditu". Nola murriztu inpaktu hori? "Ordezko lehengaiak erabiliz", azaldu du Cementos Lemonako zementu fabrikako zuzendariak.

Dorre bero-trukagailua.

Ordezko lehengai horiek "ez dute ahalmenik CO2rik sortzeko". Altzairutegi zepa zuriak dira; puntu horretan erabiliko ez balituzte, zabortegira eramango lituzkete: "Horrela, bigarren bizitza bat dute, eta emisioak murriztu egiten dira, % 7", zehaztu du Morenok.

Labe birakaria da hurrengo pausoa: "Bertan, gaia ia 1.000 gradura sartzen da, eta kaltzinazio prozesua hasten da. Gutxi gorabehera, 1.450 gradura iristen da. Oxido guztiak galdatu egiten dira, eta klinkerra sortzen da".

Bertatik, hozteko makina batera igarotzen da; bertan, klinkerrari kristalografia egitura izoztu egiten zaio. "Klinkerra oso erreaktiboa da; zementua egiteko zenbat klinker beharko dugun jakiteko, azken horren kalitateari erreparatu behar zaio. Kalitate handiagoa duenean, gutxiago beharko dugu". Erabilitako beroaren zati handi bat labearen barruan berreskuratzen dute, eta dorrera ere joaten da.

Labe birakaria. Barruan, tenperatura 1.450 bat gradukoa da.

Adierazi dugunez, deskarbonatazioak sortzen ditu emisioen % 65-70; beste % 30-35 hori errekuntzaren eraginez gertatzen da: "Zementu industrian, petrolio kokea erabiltzen da", bero hori sortzeko, eta horrek CO2a igortzen du. Beste aukera da hondakinak baliatzea, eta hori egiten du Cementos Lemonak: "Erabiltzen ez diren pneumatikoak, haragi irinak eta industriako hondakinetatik etorritako plastikoak baliatzen ditugu. CO2 emisioak txikiagoak dira, bereziki, biomasa dutelako".

Horrela, behar den beroaren guztizkoa kontuan izanik, ia % 50 ordezko erregaietatik lortzen dute. Urtean, zehaztu du Morenok, 40.000 bat tona dira.

CO2 harrapatzea, eta klinker-zementua ratioa

Hori dena abian da; baina, halaber, CO2a harrapatzeko teknologia hobeak ari dira ikertzen. Cementos Lemonak planak eta estrategiak ditu eragin ekologikoa murrizteko ordezko lehengaiak erabiliz, bai eta klinker-zementua ratioa txikiagoa egiteko; alegia, tona bat zementu ekoizteko behar den klinker kopurua murrizteko. Halaber, gordinaren ehoketa hobetzeko lanetan dabiltza, "erretzeko errazagoa den gordina lortzeko, bero gutxiago beharko duelako". Halaber, klinkerraren erreaktibotasuna hobetzen saiatzen ari dira.

Cementos Lemonak, zementu fabrikako zuzendariak dioenez, azken hiru urteetan % 25 murriztu du energia elektrikoaren kontsumo espezifikoa; horrek ere laguntzen du CO2 emisioen aurkako borrokan, gas gutxiago kontsumitzea esan nahi duelako. Halaber, erabiltzen duen energia elektrikoaren % 10-11 energia berriztagarrietatik dator, jatorrizko ziurtagiria duten energia berriztagarrietatik: "Helburua da, hemendik bi urtera, % 30ekoa izatea".

Carlos Morenok nabarmendu du, era berean, garrantzitsua dela klinkerrenak bezalako propietateak dituzten adizio aktiboen alde egitea. Hala, klinker ez da horren beharrezkoa izango. Epe luzeagoan, hidrogenoa petrolio kokearen ordez erabiltzea ere aztertzen ari dira.

Azkenik, zementua garraiatzeaz, Morenok uste du garraio hori "elektrifikatu" egingo dela: "Beste herrialde batzuetan", dio, "trena indartu dute, espainiar estatuan ez bezala".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena