Gizartea -

tutera

Nafarroa osoan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute ehunka lagunek

Hordago! herri dinamikak zonifikazioaren aurkako martxa deitu du Tuteran, hizkuntza eskubideak bereizten eta urratzen dituela iritzita. "Nafarroa ezin da ulertu euskara gabe, eta euskara ezin da ulertu Nafarroa gabe", adierazi dute.

Gaur Tutera zeharkatu duen martxa. Argazkia: EITB Media
Gaur Tutera zeharkatu duen martxa. Argazkia: EITB Media
Gaur Tutera zeharkatu duen martxa. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hordago! herri ekimenak euskararen aldeko eta zonifikazioaren aurkako manifestazioa egin du larunbat honetan Tuteran, Nafarroa osoan hizkuntza horretan ikasteko eta bizitzeko aukerak zailtzen dituela argudiatuta.

Helburua da "aurrera egitea edozein nafarrek euskara foru lurralde osoan ezagutu eta erabiltzeko eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak deuseztatzeko". Hala, Erriberako hiriburuan, manifestariek defendatu dute euskaldunak direla, seme-alabak D eredura eramaten dituztela, heldutan euskara ikasten dutela edo euskara ikasteko asmoa dutela, eta euskara nafar izaeraren baitako ezaugarritzat hartzen dutela.

"Nafarroa osoko hizkuntza da, Cortesetik Berara; Vianatik Gardera; Altsasu, Iruñea eta Tuteratik igaroz; Mendia, Erdialdea, Erribera osoa". Beraz, "ezin da esan euskara alemaniera, ingelesa edo frantsesa bezain errespetagarria denik soilik. Jakina badela. Jakina badirela. Baina Tuteratik esan beharrekoa da, eta argi eta garbi esan behar da, euskara, hiru hizkuntza horiek ez bezala, Nafarroako berezko hizkuntza dela".

"Nafarroa ezin da ulertu euskara gabe, eta euskara ezin da ulertu Nafarroa gabe" eta, "Tutera Nafarroa bada, euskara bere hizkuntza ere bada", adierazi dute manifestazioaren amaieran irakurritako ohar batean.

Horregatik, "gaur zonifikazioari Hordago! bat bota nahi diogu, diskriminazio iturria delako, desberdintasun iturria delako, nafarren batasun eza eragiten duelako", adierazi dute, eta gaineratu dute "zonifikazioaren aurka joatea justizia sozialaren alde joatea" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Nafarroako albisteak Tutera argazkiak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Manifestazioak