Gizartea -
EGURALDI IRAGARPENA
Termometroak 30 ºC-ra igo dira, eta sute arriskua handia da
EAE alerta laranjapean dago baso sute arriskuagatik. Gaur eta bihar sargori egingo du, eta beroa egiten jarraituko badu ere, larunbatetik aurrera, tenperaturek behera egingo dute.
EITB MEDIA
Egutegiari begiratuta udazkenean gauden arren, datozen egunetan ere, uda sasoiko tenperaturak nagusituko dira. Gaurtik aurrera, tenperatura maximoak 30 gradura iritsiko dira barnealdean eta kostaldean. Gaua ere epela izan da, eta termometroak 20 ºC-tik gora egon dira txoko askotan.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako aurreikuspenaren arabera, gaur, osteguna, tenperaturak gradu batzuk igoko dira, eta maximoak 30 gradura iritsiko dira. Tenperatura minimoak 13 graduren bueltan kokatuko dira barnealdean, eta, 20 gradura, kostaldean. Zerua hodeitsu egongo da erdi mailako eta goi mailako hodeiekin, baina ez da euririk espero. Egunaren amaieran, zeruak garbitzera egingo du. Hego ukituko haizea bizi ibiliko da, bolada gogor batzuekin bereziki haizeguneetan.
Bihar, ostirala, uda itxurako eguraldiak segida izango du, eta tenperatura maximoak 25 eta 30 ºC artekoak izango dira. Beste egun batez, hego haizea bizi ibiliko da. Zeruan erdi eta goi mailako hodeiak agertuko dira, baina ez du euririk egingo.
Larunbatetik aurrera, koska bat behera egingo dute tenperatura maximoek, baina urteko sasoi honetarako altuak izango dira oraindik ere.
Alerta laranja baso sute arriskuagatik
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du gaurtik Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) baso sute arriskuagatik, eta gutxienez, bihar arte luzatuko da.
Baso suteak saihesteko murrizketak eta debekuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, eta alerta laranja indarrean dagoen bitartean egongo dira indarrean. Gauzak horrela, arriskutsuak izan daitezkeen hainbat jarduera debekatu dituzte, hala nola barbakoak piztea, uztondoak erretzea edo material piroteknikoa erabiltzea.