Gizartea -

zientzia

Minbizia sendatzeko botika batek entseguaren lehen fasea gainditu du

Bartzelonako Vall d´Hebron auzoko ospitalea minbiziaren aurkako entsegu kliniko batean murgilduta dago. Botika 22 gaixori eman diete, eta emaitza onak lortu dituzte. Entseguak lehen fasea gainditu du, eta bigarrena prestatzen ari dira.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako ospitale batek Omomyc botika garatu du minbiziaren garapena ekiditeko. Ospitaleak sendagaia zeluletara, eta zehazki zelulen nukleora, irits daitekeela frogatu dute. Horren eginkizuna onkogeneak eragiten duen tumorearen garapena inhibitzea da.

Entsegua 2021eko apirilean hasi zen, eta Elena Garralda VIHOko Cancer-CaixaResearcheko Terapia Molekularreko Ikerketa unitateko zuzendaria beste bi zentrorekin hasi zen elkarlanean.

Parte hartu zuten gaixoek minbizi mota ezberdinak zituzten, horien artean, pankreakoa, hesteetakoa eta biriketakoa. Pazienteek gutxienez hiru tratamendu jaso dituzte, hortaz, sendatzeko zailak ziren.

Ordenagailu bidezko tomografia egin zitzaien 12 gaixori, eta horietako zortziren tumoreek hazteari utzi ziotela ikusi zuten. Garraldaren esanetan, "oraindik oso goiz da farmakoaren jarduera ebaluatzeko, baina zenbait pazienteren gaixotasuna egonkortzen ari dela ikusten ari gara".

Alde txarrari begiratzen badiogu, albo-ondorioak ditu, hotzikarak, sukarra, botagura, legena eta presio arterial baxua, esaterako. Halere, ospitaleko zuzendariak argitu du albo-ondorio gehienak arinak direla.

Gainera, botikak gaixoaren gorputzean duen iraupena nahikoa den aztertzen ari dira. Orain arteko emaitza guztiak onak dira, odolean 50 ordu irauten duela ikusi dute, eta are gehiago, tumorean bertan.

Bigarren fasean sartuko den lehen botika da Omomyc. Elena Garraldaren arabera, lorpen oso garrantzitsua da, onkogene horretara orain arte ez delako inor iritsi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Minbizia argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Zientzia albisteak Medikuntza albisteak Botikak albisteak