Gizartea -
Hondarribiako udaltzaingo bati
Padillari 7 hilabeteko zigorra ezarri diote, polizia bati jotzeagatik
2010. urtean gertatu zen, goizaldeko 3:30etan, hainbat agentek, Padilla zihoan autoko txoferrari alkoholemia testa egiteko eskatu ziotenean.
Erredakzioa
Juan Jose Padilla toreatzaileari zazpi hilabeteko espetxe zigorra eta 400 euroko isuna ezarri dizkio epaileak, 2010. urtean Hondarribiako udaltzain bati jotzea egotzita.
Epaiketa gaur goizean egin dute, Donostian. Toreatzailearen abokatuak bideokonferentzia baten bidez deklaratu du, Jerez de la Fronteratik. Fiskalarekin akordioa lortu du Padillaren abokatuak, toreatzaileak gertatutakoa onartu ondoren.
Aurretik, Gipuzkoako Fiskaltzak urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen Juan Jose Padilla toreatzailearentzat.
2010. urtean gertatu zen, goizaldeko 3:30etan, hainbat agentek, Padilla zihoan autoko txoferrari alkoholemia testa egiteko eskatu ziotenean.
Une horretan, toreatzaileak ustez alkoholimetroa "kolpatu" zuen, txoferrak proba egin ahal izatea ekiditeko. Alkoholimetroa zeraman polizia ere jo zuen eta "agresibo" jarri zela dio idatziak.
Akusatua kotxetik "era bortitzean" jaitsi zen eta gertatutakoaren ondorioz, polizia batek "eskubiko sorbaldean tendinitisa" izan zuen.
Fiskaltzaren ustez, lesio eta atentatu delituak egon ziren eta horregatik urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen, baita 1.800 euroko isuna ere.