Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Epaimahaiak erruduntzat jo du Barakaldoko hilketaren auziko akusatua
Herri-epaimahaiak errudun jo du bikotekide ohiaren hilketagatik eta bere bikotekide zenaren hilketa saiakeragatik 2010ean bikotekide ohia hil zuen gaztea.
Erredakzioa
Herri-epaimahaiak errudun jo du hilketagatik 2010ean Barakaldon (Bizkaia) bikotekide ohia hil zuen gaztea. Era berean, bikotekide ohiaren mutil-laguna zena hiltzen saiatzeagatik ere errudun jo du.
Gainera, errudun jo dute biktimarengandik zuen urruntze-agindua urratzeagatik eta haren etxean sartzeagatik. Defentsaren alegazioak atzera bota dituzte, izan ere, defentsak inteligentzia maila baxua zuela, krimena konfesatu zuela eta une bateko zorotasuna alegatu zituen zigorra murrizteko. Hori horrela, herri-epaimahaiak Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatuaren tesi guztiak onartu ditu, eta defentsarenak atzera bota.
Orain, epaileari dagokio ebazpena idaztea eta defentsak alegatutako 'delituen pilaketa ideala' aintzat hartzen ote duen erabakitzea. Hau da, epaileak erabaki beharko du delitu bat beste bat egiteko egin ote zuen, eta hala izan zela ebatziz gero, zigorra txikiagoa izango da, delituak bakoitza bere aldetik zigortuko direlako.
Herri-epaimahaiaren erabakia jakin ostean, Marta Dolado hildakoaren familia ordezkatzen zuen abokatuak esan du epaimahaiaren lana "perfektua" izan dela. Era berean, ebazpena astebeteko epean irten litekeela aurreratu du.
Hamaika pertsonak osatzen zuten epaimahaia erabakia hartzeko eztabaidan aritu da azken orduotan eta gaur arratsaldean eman du ebazpenaren berri. Hildako emakumearen defentsak esan du hiltzaileak 30 eta 35 urte arteko kartzela-zigorra jaso dezakeela.
Bizkaiko Fiskaltzak 34 urte eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen auzipetuaren kontra; akusazio partikularrak, berriz, zigor handiena.
Auzipetua biktimaren bikotekide izan zen 2006tik 2010era. Azken urte hartan, emakumeak salaketa jarri zuen auzipetuaren kontra emakumeen kontrako indarkeriagatik. Barakaldoko epaitegiak urruntze agindua ezarri zuen auzipetuaren kontra eta, beraz, ezin zuen emakumearengandik edo haren etxetik 300 metrora gerturatu.
2010eko abenduaren 6an, urruntze-agindua indarrean, auzipetua biktimaren etxean sartu zen eraikinaren aurrealdean egiten ari ziren lanetako plataforma aprobetxatuz.
Auzipetuak logela batean ezkutatuta itxaron zuen biktima eta horren bikotekidea iritsi arte. Etxean sartu zirenean, lehenik gizonari egin zion eraso katana batez, baina ezpata lurrera erori zitzaion eta orduan 32 zentimetroko sukaldeko labana bat atera zuen eta lepoan sartu zion. Gizonak ihes egitea lortu zuen eta laguntza eskatu zuen.
Orduan, auzipetua bikotekide ohiarengana joan zen, logela batean ezkutatuta zegoen, eta labana lepoan sartu eta hil egin zuen.