Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Uriarte: "Zigortuen abokatuek kondena berrikusteko eskatzen dute, bezeroentzat onuragarriagoa delakoan"

Bilboko epaile dekanoak argitu du oraingoz ez dutela helegiterik jaso, baina aurreikusi du berrikusteak egongo direla. "Bildu egingo gara, berrikuspenak espero baititugu", iragarri du.

Aner Uriarte. Argazkia: EITB Media
Aner Uriarte.
Aner Uriarte. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak azaldu duenez, "Bai bakarrik da bai" legea indarrean sartu zenetik —urria hasieran—, sexu erasoengatik zigortutakoen abokatuak zigorra berrikusteko eskatzen ari dira zigor berriak euren bezeroentzat "onuragarriagoak" direlakoan. 

Bizkaiko epaileek ez dute oraindik halako helegiterik jaso, Uriartek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan jakinarazi duenez. "Nik dakidala, ez da helegiterik aurkeztu. Baina berrikuspenak espero ditugu, beraz, bildu egingo gara". 

Esan du zenbait delituri lotutako zigor eskaeren tarteak murriztu dituela lege berriak, eta horregatik eskatzen dutela berrikuspena abokatuek: "Lehen 4-8 urteko zigorra zen horretan, orain 4-6 urte dira", jarri du adibidetzat. 

Uriarteren hitzetan, helegitea jasota, epaileei dagokie egoera aztertzea. "Frogatutako egitate horiek legedi berrian nola jasotzen diren begiratu behar dute. Hori da egin behar dutena, ez dago beste erremediorik", argitu du. 

Errioxan egindako berrikuspen eskaeretan aldaketarik egin ez dutela eta, Uriartek azpimarratu du kasu guztietan ez dela ezarritako zigorra zertan aldatu behar, eta sexu askatasunaren kontrako delitu mota asko daudela gaineratu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Espainiako Gobernua Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Abokatuak Sexu erasoak