Gizartea -
BIZIRIK DIRAUTENEN MUNDU EGUNA
Dolua suizidioetan: erru sentimendua nagusi denean itxaropenerako arrazoien bila
Gertuko suizidio batek mindutakoen dolua beste edozein heriotzatan baino luzeagoa eta konplikatuagoa da. Erruak eragiten duen zamari gai tabua dela erantsi behar zaio.
O. A. | EITB MEDIA
Azaroko hirugarren larunbata egun seinalatua da gertuko norbait suizidio bidez hil zaien pertsonentzat, bizirik iraun dutenak ere deitzen zaien horientzat. Gaur da beraien nazioarteko eguna, eta horren harira, Biziraun elkarteko sortzaile den Agustin Erkiziarekin hitz egin dugu.
Erkiziaren esanetan, suizidio batek mindutakoek bi arrazoi nagusirengatik jotzen dute elkartera: batetik, ulertuak sentitzeko eta, bestetik, itxaropen bila. Antzeko zerbait bizi izan duen pertsona baten testigantza entzun eta bilakaera bat egin duela ikusten dutenean, beraien prozesurako lagungarriak izan daitezkeen zenbait gako bereganatzen dituzte, "jakinda bakoitzak bere bidea egin behar duela".
Oro har, suizidioaren dolua beste heriotzatan baino luzeagoa eta konplikatuagoa dela nabarmendu du. Hasteko, erruaren zama aipatu du, eta horri gehitu behar zaio gai tabua izaten jarraitzen duela, eta hitza publikoki esateak bakarrik jendearengan zirrara eragiten duela. Agustin Erkiziak gehitu du suizidio bidez hil den pertsonari buruz hitz egiterakoan jendea paralizatu eta isildu egiten dela, eta hori mingarria izan ohi dela gertukoentzat. Hain zuzen ere, inguruan gaiaz hitz egiteko pertsona egokiak aurkitzea zaila dela onartu du, eta horregatik dela hain garrantzitsua Elkarri Laguntzeko Taldeen zeregina.
Biziraun elkarteak bizirik iraun dutenak laguntzeko bi talde ditu: bat, Bilbon, eta bestea, Donostian. Hilabetean behin elkartzen dira, eta urtean zehar hamar saio egiten dituzte guztira, irailetik ekainera.
Gutako bakoitzak suizidio batek mindutako pertsona bati nola lagundu diezaiokegun galdetuta, bere alboan egotea, bakarrik ez uztea, ez epaitzea, eta gomendiorik ez ematea azpimarratu ditu. Borondate hoberenarekin egin ohi diren arren, "zu ez zara erruduna", "momentu hobeak iritsiko dira", "buelta emango diozu" eta antzekoak ez esatea aholkatu du.
Nazioarteko eguneko ekitaldiak Hego Euskal Herrian
Biziraun elkarteak ekitaldia antolatu du gaur Donostian, nazioarteko eguna gogora ekartzeko. 11:00etan elkartuko dira Olarain ikastetxe nagusian. Bertaratutakoei harrera egin, eta bizirik iraun dutenen eskubideak irakurri ostean, suizidio baten ondorioz gertuko norbait hil zaion Bizirauneko kide batek testigantza emango du lehen aldiz. Gero, elkarteko kide eta kolaboratzaile den Agustin Salazar mediku erretiratuak hitzaldia emango du, eta azalduko du zergatik den dolua ezberdina beste edozein heriotzarekiko. Galde-erantzunen tarte bat ere zabalduko da, eta amaitzeko, kafe bat eskainiko zaie parte-hartzaileei.
Nafarroan Besarkada elkarteak atzo arratsaldean egin zuen ekitaldi nagusia Iruñeko Iturrama auzoko Civivox gunean. Jokabide suizidak prebenitzeko eta artatzeko Nafarroako Batzordeko (Napresui) kideek adierazi zuten arlo honetan zer egiten ari diren eta zein helburu dituzten. Segidan, alaba galdu duen ama batek bere bizipenak partekatu zituen.