Gizartea -
KRISIA OSAKIDETZAN
Donostialdeko ESIko 23 zerbitzuburuk Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatu dute
"Politika suizida" egitea eta osasun sistema "noraezera" eramatea egotzi dizkiote Osasun Sailari. Gainera, elkarrizketa prozesu bat abiatzea eskatu dute, eta baita bi arduradunak atzera berriz izendatzea ere. Sagarduik "ikuspegi koordinatua partekatzeko zailtasunei" egotzi die kargugabetzeak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Aurrekaririk gabeko krisia lehertu da Osakidetzan, joan den astean Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendaria kargugabetu, eta horren ondotik hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu eta gero. Gaur, zentro horretako 23 zerbitzuburuk oharra kaleratu dute, Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatuz Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, "burugabekeria honen konplize izatea nahi ez badu".
Sailburuaren prentsaurrekoaren ostean, zerbitzuburu batzuek deitoratu dute Sagarduik ez dituela beren hitzak aintzat hartu eta ez duela azalpenik eman nahi izan. Osakidetzak giza baliabideen kudeaketaren arloan egiturazko erreformak behar dituela azpimarratu dute. Arduradunek profesionalei entzuteko eskatu dute, eta ziurtatu dute arreta ez dagoela arriskuan.
Idatzian salatu dute Donostialdeko ESIko "kudeaketa krisi larriaren" aurrean ezin dutela isilik egon. Sinatzaileen hitzetan, ospitaleko profesionalei eta adituei "ez entzutearen ondorioz" herritarrak "zerbitzuen galera" pairatzen ari dira. "Pandemiak", "profesional kualifikatuen eskasiak" eta "osasun zerbitzuen eskari geldiezinak" areagotu egin dituzte Osakidetzako arduradunen "erabaki okerren ondorioak", zerbitzuburuen arabera.
Agertoki horren aurrean, "politika suizidak" atzean uzteko eskatu diete Osasun Saileko arduradun nagusiei. Halaber, kargugabetu dituzten arduradunen "balioa eta ausardia" txalotu dituzte, sistemarekiko konpromisoa lehenetsi dutelako beti, eta proposatutako neurri guztiak zerbitzua hobetzea izan dutelako helburu. "Hori izan da euren bekatu" bakarra, eta Osakidetzak "lan hori zigortu" du, gehitu dute oharrean.
"Eredu inposatzailean" oinarritutako lan-funtzionamendua ezarri nahi izatea leporatu diote Osakidetzari, eta, besteak beste, Tolosaldeko, Bidasoaldeko edota Onkologikoko egoera "bereziki larria" aipatu dituzte. "Segurtasun eza eta ezinegona sortzeaz gain, azkenaldian emandako urratsek egitura osoaren haserrea ere eragin dute".
Halaber, zerbitzuburuek exijitu dute "herritarren ahaleginari esker" lortutako aurrekontuak "irizpide teknikoen" arabera eta "modu orekatuan" erabiltzeko, eta ez "komenentzia politikoei" men eginez.
Herritarrei, berriz, "adi egoteko" eskatu diete, Osasun Sailak gizarte osoaren presioa senti dezan.
Bestalde, EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Donostialdeko ESIko profesionalek bilera deitu dute gaur 13:30erako, egoera aztertu eta aurrera begirako erabakiak hartzeko. Asteazken arratsaldean egingo dute agerraldia hedabideen aurrean.
Bere aldetik, Osasun Saila elkarrizketa abiatzeko prest agertu da, krisialdia bideratzeko. Krisia lehertu zenetik gaiari buruzko azalpenik eman gabe egon ondoren, gaur hitz egingo dute Osakidetzako arduradunek Donostialdeko ESIko kargugabetzeen inguruan.
Sagarduik "iritzi desberdinak izateari" egotzi dizkio kargugabetzeak
Bestalde, Osasun Sailak kargugabetzeak defendatu ditu, eta prest agertu da krisiari irtenbidea emateko elkarrizketa bat hasteko. Gotzone Sagardui sailburuak esan duenez, "iritzi derberdinak" izateagatik gertatu dira osasun eskualdeko zuzendarien kargugabetzeak. Gaineratu du "pertsonak aldatzea aholkatzen duten gertakariak kateatu ondoren" erabaki direla, gertakari zehatz horiek zein izan diren zehaztu gabe.
Gainera, Donostialdeko ESIan "elkarrizketa eraikitzailea" izateko borondatea agertu du, eta "lasaitasun, aintzatespen eta esker oneko" mezua helarazi die langile guztiei, "eguneroko lanagatik eta dedikazioagatik".