Gizartea -

RUBIK TXAPELKETA

Rubiken kuboaren egile onenek hitzordua dute datorren abenduaren 17an eta 18an Legazpin

Herriko parte hartzaileez gain, Antonie Paterakis greziarrak edo Berta Garcia kataluniarrak hartuko dute parte Jon Alberdi 11 urteko legazpiarrak antolatutako txapelketan. Ba al zenekien historian zehar gehien saldu den jostailua dela Rubiken kuboa?

Jon Alberdi, 11 urteko Rubik kubo jokalari legazpiarra
Jon Alberdi, 11 urteko Rubik kubo jokalari legazpiarra
Jon Alberdi: ''Rubik kuboaren punta-puntako egileak ikusiko ditugu abenduaren 17an eta 18an Legazpin''

3:10

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legazpi Open Rubiken lehenengo edizioa jokatuko da datorren abenduaren 17an eta 18an herriko kiroldegian. Gipuzkoan egingo den bigarren lehiaketa izango da, eta Jon Alberdi 11 urteko Rubik jokalariak antolatu du gurasoen laguntzarekin. Alberdi duela urtebete pasatxo murgildu zen kuboen munduan, eta, azken 12 hilabeteetan, bi txapelketa herrikoi antolatu ditu. Oraingoan, baina, bere ametsa egia bihurtuko da, txapelketa ofiziala izango baita. 

Guztira, 9 kategoria egongo dira, eta 3x3 finala, betiko kuboarena, hain zuzen, igande eguerdian ospatuko da. 50 pertsonak hartuko dute parte txapelketan, tartean, punta-puntako kubo egileak: Antonie Paterakis greziarra, mundu mailan erreferentea; Julen Simon nafarra, 2x2 kuboan Espainiako txapelduna; edo Berta Garcia kataluniarra, kuboa itsuan egiten Espainiako onena.

Herriko partaideak ere izango dira, noski, Pawel Walczyk, Ibai Olano edo Jon Alberdi bera, baita haren aita ere; izan ere, Rubiken kuboen txapelketan ez dago bereizketarik: izan neska edo mutil, gazte edo zahar, guztiak elkarrekin lehiatzen dute.

Jonen errekorra 17 segundokoa da. Aspertuta zegoen asteburu batean hasi zen kuboarekin jolasean. 3x3x3ko kuboa erosi zuen, eta Interneten ikusitako tutorialen laguntzaz eta praktika askoren ondotik, asko hobetu, eta lortu du horren denbora gutxian kuboa osatzea. 

Txapelketa ate joka dagoen honetan, eta trebatzen joate aldera, txapelketaren simulazioa egin du Alberdik, eta kuboa 23 segundo pasatxoan osatzea lortu du.

23 segundo pasatxoan lortu du Jonek Rubik kuboa egitea
23 segundo pasatxoan lortu du Jonek Rubik kuboa egitea
23 segundo pasatxoan lortu du Jonek Rubik kuboa egitea

0:28

Erno Rubik arkitekto eta diseinatzaile hungariarrak asmatu zuen 1974an Rubiken kuboa, eta historian zehar gehien saldu den jostailua da. Aldaera asko ditu, baina jatorrizkoa da ezagunena, 3x3x3 kuboa. Ba al zenekien lehen aldiz kuboa osatzeko Erno Rubikek hilabete behar izan zuela?

6 kolorez dago osaturik 3x3 kuboa (txuria, horia, berdea, gorria, laranja eta urdina) eta 43 trilioi konbinazio ezberdin izan ditzake. Posizio batetik bestera gehienez 20 mugimendurekin pasatzea lortu liteke (beraz; 20 mugimendurekin, edozein posiziotik kuboa egitea lortu liteke).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Legazpi albisteak Goierri azken ordukoa