Gizartea -
Krisia Osakidetzan
Osakidetzaren lan ildoarekin "erresistentzia" agertzeagatik izan dira kargugabetzeak, Zupiriaren esanetan
Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du izendapen berrien ondotik, horien ardura dela aurrerantzean osasun sistemaren funtzionamendu egokia bermatzea. Bestalde, azpimarratu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egitea eskatu duela Legebiltzarrean.
EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi egin ditu astelehenean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak emandako azalpenak eta, azpimarratu du bi kargugabetzeak ez direla izan arrazoi bakar baten ondorio, "gertakari kate baten ondorio baizik"; gertakari horiek egoera "jasanezina" eragin dutela azaldu du. Gaineratu du Osakidetzaren lan ildoarekin "erresistentzia" agertzeagatik izan direla kargugabetzeak.
Donostiako ESIaren inguruko polemikaz galdetu diote Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Zupiriari. Esan duenez, behin bilerako gai-zerrenda amaituta, Iñigo Urkullu lehendakariak hitza eman dio Osasun sailburuari, "berak hartutako erabakiei buruzko bere ikuspuntua" eman zezan.
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, biek ala biek adierazi dute garrantzitsua dela herritar guztiei jakinaraztea Osakidetzak "kalitatezko osasun-laguntza ematen jarraituko duela beti". Horrez gain, gertatutakoaz azalpenak emateko agerraldia eskatu du Sagarduik Eusko Legebiltzarrean, Zupiriak jakitera eman duenez.
Nolanahi ere, azaldu du kargutik kendutako bi pertsonak "Osakidetza egiten ari den lanaren eta antolatzeko moduaren aurka daudela, eta iritzi desberdina dutela", eta gogorarazi du Euskal Osasun Zerbitzuak "sarean lan egiten duela".
Halaber, nabarmendu du joan den astelehenean egin zirela lanpostu hutsen izendapenak: "Une honetatik aurrera, arduradun berri horiek harremanetan daude Donostialdeko ESIaren erakundearen mendeko pertsona guztiekin, osasun sistemaren funtzionamendu zuzena eta beharrezkoa bermatzeko", adierazi du.