Gizartea -

Biodibertsitatea

COP15 Biodibertsitatearen gaineko Konferentzia hasi da, espezieen galeraren aurkako akordio baten bila

196 herrialdetako ordezkariak daude bilduta hilaren 19ra arte, Montrealen (Kanada), Biodibertsitate Biologikoaren gaineko NBEren Konferentzian. Adostea proposatzen duten helburuetako bat da 30x30 izenekoa, alegia, 2030erako lur eta ur masetako gutxienez % 30 babestuta egotea.

"Naturak sufritzen badu, guztiok sufritzen dugu", ohartarazi du, Berlinen, ekintzaile honek (EFE).
"Naturak sufritzen badu, guztiok sufritzen dugu", ohartarazi du, Berlinen, ekintzaile honek (EFE).
Biodibersitatea sufritzen ari den krisia dute aztergai egunotan, Kanadan egiten ari den COP-15ean

01:35

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

196 herrialdetako ordezkariak daude bilduta asteazkenetik Montrealen (Kanada) COP15 Biodibertsitate Biologikoaren gaineko NBEren Konferentzian; NBEk "anbizio handiko" akordio "errealista" espero du adostea bertan, planeta osoan espezieen galerari geldiarazteko, kontuan izanik hori lortzeko denbora "amaitzen" ari dela. COP15ean 20 helburu baino gehiago ari dira negoziatzen, eta tartean 30x30 izenekoa dago; horrek ekarriko luke 2030erako lur masako eta ur masako gutxienez % 30 babestuta egongo litzatekeela.

Hainbat datu argitaratu dituzte zenbait iturrik azaltzeko zergatik den horren beharrezkoa Gobernuek esku hartzea. IPBESek, biodibertsitateko NBEren plataforma zientifikoa bera, kalkulatu du milioi bat espezie baino gehiago desager litezkeela mundu mailan, hamarkada honetan, anbizio handiko neurriak abiatu ezean. Munduko Ingurumenerako Funtsak, baina, berriki emandako datu batean, adierazi du 10 milioi espezie desager litezkeela. 2022an, BirdLife International erakundeak Munduko Hegaztien Egoeraren gaineko Txostena aurkeztu du; horretan, 10.000 espezie hegazti aztertuta, ondorioa da hegazti espezieetako % 12,5 mehatxatuak direla. Espainiar Estatuan, hegazti espezieetako % 25 dira mehatxatuak, SEO/BirdLife erakundeak argitaratutako azken Liburu Gorriaren arabera.

Testuinguru horretan, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak adierazi du ekosistemek pairatzen duten degradazioak urtero hiru bilioi dolarreko galera ekar lezakeela 2030eko amaierarako, hau da, urtero ia 953.000 milioi euro. Gizarte jarduerak lur masako % 75i eragin dio, eta ozeanoetako % 66ri, eta hezeguneetako % 85 baino gehiago galdu egin da.

Natura babesteko "helburu handiak"

Gauzak horrela, hainbat GKEk egin dute akordiorako deia, COP15 hasi aurretik. Greenpeacek eta SEO/BirdLifek "helburu handiak" galdegin dizkiete herrialdeei , Natura babesteko marko globala ados dezaten.

Greenpeace taldearen iritziz, COP15eko akordioak jaso beharko lituzkete, esplizituki, zeintzuk diren herri indigenen eta tokiko erkidegoen eskubideak eta eginkizunak biodibertsitatea mundu mailan babesteko, aurretiko baimena era emanda. Hori litzateke COP15ek bere helburua lortzeko modu bakarra, eta, gainera, helburuak ezartzeko, bidezko finantzazioa egon beharko litzateke. Herrialde garatuenek, urtero, gutxienez 100.000 milioi dolar eman beharko lizkiekete garapen bidean dauden herrialdeei.

SEO/BirdLifek nabarmendu duenez, helburuak "espezifikoak, neurtzeko eta lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta aldi baterakoak" izan behar dira. Horien jomuga emaitzak izan beharko lirateke, eta ekintza izan beharko lukete oinarri.

Negoziatzen ar diren akordioak, besteak beste, eta 30x30 izeneko helburuaz gain, pestizidak gutxiago erabiltzea edo biodibertsitatea kaltetzen duten ekintzarako subsidioak kentzea proposatzen du. Dena dela, akordioaren zirriborroak hainbat paragrafo ditu parentesi artean, eta horrek esan nahi du oraindik ez daudela itxita. Campaign for Nature GKEak, horrez gain, gaitzetsi du Konferentzia hasi aurreko bileretan ez dutela aurrerapen nabarmenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
NBE bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Kanada azken ordukoa