Gizartea -
''Bai bakarrik da bai'' legea
"Bai bakarrik da bai" legerako “doitze teknikoa” dakarren zuzenketa bat adostu du Espainiako Gobernuak
Sedizio delitua indargabetu eta bidegabeko erabiltze delitua aldatzeko lege proposamenaren arrazoien azalpenean, PSOEk eta Unidas Podemosek zuzenketa bat sartu dute. "Bai bakarrik da bai" legea interpretatzeko gida gisa baliatuko ahalko dute epaileek, baina ez da loteslea izango.
EITB MEDIA
PSOEk eta Unidas Podemosek, alegia, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, zuzenketa sartu dute sedizio delitua indargabetu eta bidegabeko erabiltze delitua aldatzeko lege proposamenaren arrazoien azalpenean; zuzenketa horren bidez, epaileek gida moduko bat izango dute "Bai bakarrik da bai" legea interpretatzeko, baina, hori bai, ez da loteslea izango, eta epaileen esku izango da Sexu Askatasuneko Berme Integraleko Lege Organikoa interpretatzeko aukera.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, arrazoien azalpenean aurkeztutako aldaketa zuzenketa ez da arauemailea, interpretaziozkoa baizik. Horrek esan nahi du gida gisa balio duela, baina ez ditu epaileak behartzen. Bestelako kontua izango zen artikuluetarako zuzenketa izan balitz, baina PSOE eta Unidas Podemos ez dira haraino iritsi; izan ere, arrazoien azalpenean geratu dira.
Sexu Askatasuneko Berme Integraleko Lege Organikoaren ondorioz, sexu erasoko delituak sexu abusukoa hartu du. Hortaz, orain arte jokaera larriagoa jasotzen zuen delitu bat hasi da jasotzen larritasun txikiagoko jokaera bat; beraz, zigorra ere handitu da, orain sexu erasotzat jotzen dituzten jokaera guztiak jaso ahal izateko. Marko horretan, gutxienez 57 pertsonari murriztu dizkiete espetxe zigorrak, eta 12 kartzelatik irten dira.
PSOEren eta Unidas Podemosen adierazpenak
PSOEk esan duenez, zuzenketari esker, "Gobernua sostengatzen duten alderdiek zuzenbide iragankorraren interpretazioa erraztu dute, finkatutako jurisprudentziarekin lotuta, eta, hala, Zigor Kodeko aldaketak behar bezala interpretatu ahalko dituzte; tartean, berriki onartutako batzuk, Sexu Askatasuneko Legea bezala".
Unidas Podemoseko iturrien arabera, Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioa elkarrizketetan ibili da, eta testu berriaren helburua da "epaileei argitzea legegilearen borondatea dela, gomendio gisa, ezarritako zigorrei eustea, zigorrak berrikusiko balituzte".
Bitartean, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak esan du Gobernu hori "zain jarraitzen duela", Auzitegi Gorenak "Bai bakarrik da bai" legearen gaineko doktrina bateratu arte. Rodriguezen esanetan, sartutako zuzenketaren xedea da "indartzea" orain arte ohikoa izan den interpretazioa, zigor legeria batetik besterako erregimen iragankorrean".