Gizartea -

Migrazioa

Zaporeak elkarteak bazkideak behar ditu Lesbosko errefuxiatuei jaten ematen jarraitu ahal izateko

Kara Tepe kanpalekuko pertsonentzako otorduak prestatzeko duten dirua otsailean bukatuko zaio elkarteari. Hilero 70.000 euro behar dituzte.

Kanpainaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: Zaporeak
Kanpainaren aurkezpena, Donostian.
Kanpainaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: Zaporeak

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaporeak elkarteak bazkideak lortzeko kanpaina jarri du martxan, Lesbosko (Grezia) errefuxiatu gunean dauden pertsonei jaten emateko duten dirua otsailean bukatuko zaiolako.

2023ko aurrekontua milioi euro ingurukoa da. Beraz, 70.000 euro behar dituzte hilero, eta horregatik, bazkide gehiago eskatu dituzte.

Greziako kanpalekuan, 1.300 eta 1.500 otordu artean ematen dituzte egunero. Peio Garcia Amianok azaldu duenez, "bazkari duina da, errefuxiatuek, gutxienez, egunean poztasun eta asebetetze une bat izan dezaten. Horregatik, pentsatzen dugu, 'ezin dut jende hau hemen botata utzi, janaria eskaintzen jarraitu behar dugu'".

Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, orain arte norbanakoen, enpresen eta erakundeen dohaintzekin finantzatzen zen. Herritarren ekarpena da garrantzitsuena, % 70era iristen baita.

Orain, ordea, bazkideak erakartzeko urratsa eman dute, Lesbos uhartean egiten duten lanarekin jarraitu ahal izateko. Horrela, Zaporeak elkarteak konpromiso egonkorragoa eskatzen die herritarrei, kuota bat ordainduta.

Proiektuan parte hartzen duen Juan Mari Arzak sukaldariaren ustez, "bazkide egin behar da; bestela, ez dago dirurik, eta dirurik ez badago, gaizki gabiltza".

Proiektuak hainbat bide jarri ditu bazkide egin eta proiektua babesteko. Zaporeak elkarteak antolatzen dituen ekintzetan, horretarako aukera egongo da, baita, egun batzuk barru, zaporeak.eus webgunean ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioaren albisteak Gizartea bideoak Greziako albisteak Gaurko titularrak Albisteak Errefuxiatuak albisteak gaur