Gizartea -
KORONABIRUSA
19 pertsona hil dira covid-19ak jota Euskadin, aurreko astean baino zazpi gehiago
Abuztuko bigarren astetik izandako kopururik altuena da hau. Zainketa intentsiboetako unitatean arreta berezia behar duten gaixoen kopurua 19tik 14ra jaitsi da, baina ospitaleratutako gaixoen kopurua 270etik 308ra igo da.
AGENTZIAK| eitb media
Abenduaren 12tik 18ra, 19 pertsona hil dira covid-19arekin Euskadin, aurreko astean baino zazpi gehiago, abuztuko bigarren astetik izandako kopururik altuena.
Gaixotasun horrekin ospitaleratutako pertsonak, berriz, 322 izan dira. Zainketa intentsiboetako unitatean arreta berezia behar duten gaixoen kopurua 19tik 14ra jaitsi da; aldiz, plantan ospitaleratutako gaixoen kopurua igo egin da, 270etik 308ra.
Nolanahi dela, bilakaera epidemiologikoa egonkor mantentzen da; izan ere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 135,37 kasukoa da, aurreko txostenaren parekoa.
Araba da, oraindik ere, intzidentzia baxuena duen lurraldea, 110,85 kasurekin, nahiz eta pixka bat gora egin duen intzidentziak; Gipuzkoan, behera egin du kutsatu kopuruak (128,53); eta Bizkaiak egoera bertsua izaten jarraitzen du (143,34).
Aurreko astean baino positibo gehiago atzeman dira azken astean, 1.397tik 1.572ra igo baita kopurua. Hala ere, asteko positibotasun-tasa egindako proben % 12,5era jaitsi da; iragan astean, % 13,7koa zen.
R0 indizea, berriz, 0,98ra jaitsi da Euskadi osoan, baina soilik Gipuzkoa dago 1eko muga horren azpitik (0,93); izan ere, Bizkaian eta Araban gaixo bakoitzak beste pertsona bat kutsatzen jarraitzen du, 1 eta 1,02ko adierazleekin, hurrenez hurren.