Gizartea -
Lehen Arreta
Osakidetzako osasun zentroek ordutegia murriztuko dute Gabonetan
Gehienak 08:00etatik 17:00etara egongo dira, eta ordutegi horretatik kanpo, osasun arreta "bermatuta" egongo da etengabeko arreta guneetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osakidetzako osasun zentro gehienak 08:00etatik 17:00etara egongo dira zabalik urtarrilaren 10era arte, salbuespenak salbuespen. Kasu horietan, 15:00ak arte murriztuko dute ordutegia.
Osasun Sailak eta Osakidetzak astearte honetan eman dute Gabonetan Lehen Arretako zentroek izango duten ordutegiaren berri. Asmo dute "zerbitzua behar bezala ematea, baina baita anbulatorietako langileen atsedenaldia bermatzea ere".
Gaur argitaratutako oharrean jaso dutenez, ordutegi horretatik kanpo, osasun arreta "bermatuta" egongo da etengabeko arreta guneetan.
Baliteke, baina, zenbait zentrok egun solte batzuetan ordutegia aldatzea, eta beste zenbaitzuek ohiko ordutegiari eustea. Osakidetzaren webguneak edota anbulatorietako informazio guneek kasuan kasuko informazioa emango dute.