Gizartea -
Elikagaien segurtasuna
Carnicas Susaetak egindako txerri-burua merkatutik kendu dute listeriagatik
Oraingoz, ez dago jasota produktu horien kontsumoarekin lotutako listeriosi-kasurik.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak salmentatik kendu egin ditu Carnicas Susaeta SL enpresak egindako txerri-burua RGSEAA 10.00527/bi, hain zuen ere, 2022ko abenduaren 19ra arte merkaturatutako sail guztiak, listeria kutsatzeagatik.
Horregatik, etxean Susaeta markako txerri-burua duten pertsonei gomendatzen zaie saltokira itzultzea eta, kontsumitu ondoren sintomatologiarik badute, osasun-zentrora joatea. Oraingoz, ez dago jasota produktu horien kontsumoarekin lotutako listeriosi-kasurik.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, elikagaien industriako eragileek elikagaien segurtasun mikrobiologikoko planen barruan egiten dituzten kontroletan antzeman zuten txerri-buru egosiaren haragiaren listeria, monocytogenes delakoa.
Prebentzio-neurri gisa, produktu horren sail guztiak dagoeneko kendu dira saltokietatik. Epidemiologia Zerbitzuek ez dute produktu horien kontsumoarekin lotutako listeriosi-kasurik ezagutzen. Hala ere, zaintza berezia egiten ari dira edozein susmo dagoenean.
Listeria duten produktuak kontsumitzea arriskutsua izan daiteke osasunerako, batez ere immunodepresioren bat duten pertsonen, haurdun daudenen eta paziente onkologikoen kasuan.