Gizartea -

Gertakaria

Donostiako krimenean ustez parte hartzeagatik atxilotutako hiru pertsonak epailearen esku daude jada

Hernaniko 24 urteko gizon bat labankadaz hil zuten Eguberri goizean Donostiako Okendo plazan, bi talderen artean izandako borroka baten ondorioz. Gipuzkoako hiribuko Udalak elkarretaratze isila deitu du gaurko, gertakaria gaitzesteko.

Erasoa izan den tokia, Okendo plazan. Argazkia: EFE
Erasoa izan den tokia, Okendo plazan. Argazkia: EFE
Erasoa izan den tokia, Okendo plazan. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24 urteko gizon hernaniar baten hilketan ustez zerikusia izateagatik Donostian atxilotutako hiru pertsonak epailearen esku daude jada, eta haren aurrean deklaratuko dute astearte honetan zehar.

Biktima Eguberri egunean, 06:20an, topatu zuten Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko Okendo plazan, arma zuriz zaurituta. Osasun langileak bertaratu ziren, baina gizona lekuan hil zen.

Ordubete beranduago, hilketarekin ustez lotutako bi pertsona topatu zituen Udaltzaingoak Hondarribia kalean. Ertzaintzak biak atxilotu zituen, 20 urteko emakumezko bat eta 26ko gizonezko bat. Ondoren, 24 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, bere burua aurkeztu ondoren, Donostian.

Antza denez, erasoa Victoria Cafetik irtetean gertatu zen, elkarren artean ezagunak ziren bi talderen arteko borroka bortitz baten testuinguruan.

Ertzaintzak ingurua hesituta izan zuen hainbat orduz. Goizean zehar, karpa bat jarri, eta frogak bildu zituen, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Besteak beste, odola topatu zuen Victoria kafetegian, baita zapatila beltz bat ere plazan.

Erantzunak

Hilketak atsekabe handia eragin du hirian eta hildakoaren jatorrizko udalerrian.

Eneko Goia Donostiako alkateak argi utzi duenez, "portaera larri horiek ez dute tokirik gure hirian, eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean". Atsekabea adierazi du eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkio sendiari.

"Bidegabekeria honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen", gehitu du.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak "gure saminik beroena" helarazi die hildakoaren familiari eta gertukoei. "24 urteko pertsona batek bizitza modu honetan galtzea justua ez dela argi dago", esan du, eta "une gogor honetan" Udalaren babesa adierazi die.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Lertxundik esan zuen herria "erabat atsekabetuta" eta gertatukoa "sinetsi ezinda" dagoela. Udalaren izenean, doluminak eta elkartasuna helarazi zizkien biktimaren etxekoei.

Gainera, hilketa gaitzesteko elkarretaratze isila egingo dute gaur eguerdian, 12:00etan, Donostiako Alderdi Ederren. Bertako Udalak deitu du protesta bilkura, eta Hernanikoak bat egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostia bideoak Eneko Goia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Gazteak gaur Hernani albisteak Giza hilketak