Gizartea -
Gazteen emantzipazioa
EAEko gazteek soldataren % 50 baino gehiago erabili behar dute etxebizitza libre bat erosteko
Babestutako etxebizitzak askoz ere kostu onargarriak dituzte 18 eta 34 urte arteko soldatapeko gazteentzat, soldataren % 30a baino gutxiago suposatuko lukeelako. Arazoa, baina, etxebizitza publikoen eskaintza urria da.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Etxebizitza eskuratzeko kostuak behera egin du 2021ean, 2020arekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren soldatapeko gazteen artean. Hala ere, etxebizitza librearen kasuan, kostu horiek finantza-erakundeek eskatzailearen kaudimena edo gaitasun ekonomikoa zehazteko ezartzen duten mugaren gainetik daude, hau da, soldata garbiaren % 30aren gainetik.
Jonan Fernandez Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak astearte honetan aurkeztutako "Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2021" txostenaren arabera, etxebizitza librea jabetzan zein alokairuan eskuratzeko kostua, hau da, 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko pertsona batek merkatu librean etxebizitza bat edo alokairu-errenta erosteko hipotekaren hileko kuota ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa, % 50etik gorakoa da, bere soldataren erdia baino gehiago.
Babestutako etxebizitzak, aldiz, bai erosterako orduan baita alokatzerakoan ere, askoz ere kostu onargarriagoak ditu soldatapeko gazte batentzat eta teorian, gazteak berak bakarrik emantzipatu ahal izango luke kaudimen ekonomikoarekin (diru-sarreren iturri egonkorra izanez gero). Arazoa da, kasu honetan, etxebizitza publikoen eskaintza oso urria dela.
Lurraldeka, Gipuzkoako gazteek dute arazo handiena merkatu libreko etxebizitza bat erosterako orduan. Txostenak nabarmendu duenez, aitzitik, gizon eta emakume gazteen arteko soldata-desberdintasunek emantzipatzeko zailtasunak areagotu egiten dizkie emakumeei.
Testuak adierazten duenez, kontuan izan behar da adinean gora egin ahala, soldatek ere gora egiten dutela, eta, beraz, etxebizitza eskuratzeko kostua ere murriztu egiten dela, bai erosteko bai alokatzeko aukeretan.
Joan den abenduaren 7an aurkeztu zen Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia, eta, orain, azken txosten horretako datuek berretsi egin dute gazteen emantzipazio-adina aurreratzen laguntzeko estrategia zehazt baten beharra; izan ere, datu horiek erakusten dute 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek, batez besteko soldata kobratzen duenak, zailtasunak dituela bakarrik emantzipatzeko.
Azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteak 30,2 urterekin emantzipatzen dira gaur egun, baina 2030erako, batezbesteko hori 28 urtera murriztu nahiko luke Jaurlaritzak, baita emantzipazio tasa (25-29 urteko gazteena) egungo % 39,5etik % 50era igo ere.
Gauzak ondo bidean, martxorako onartuko dute behin betiko plana, eta, horren bidez, 25 eta 29 urte bitarteko gazteei emantzipaziorako emango zaien laguntza ekonomikoa finkatuko da. Laguntza hori bateragarria da Gaztelagun Programako alokairu-laguntzekin, eta emantzipazioari babes handia emango dio.