Gizartea -
sexu-erasoa
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Erasoa Urteberri eguneko goizean izan zen. Gizonak ukituak egin zizkion, eta, ondoren, bortxaz lapurtu zizkion mugikorra eta soinean zeraman kate bat. Udalak asteazkenerako elkarretaratzea deitzea erabaki du, 18:00etan, Herriko Plazan.
Agentziak | EITB MEDIA
Barakaldoko Udaltzaingoak 28 urteko gizon bat atxilotu du emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Ukituak egin zizkion, eta, ondoren, bortxaz lapurtu zizkion mugikorra eta soinean zeraman kate bat.
Gertaera Urteberri eguneko goizean izan zen, Barakaldoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Biktima bide publikoan zegoela, gaztea hurbildu zitzaion. Harekin hitz egin ondoren, ukituak egin zizkion, eta, ondoren, mugikorra eta soinean zeraman kate bat lapurtu zizkion.
Emakumeak Udaltzaingoari deitu zion, eta handik gertu atxilotu zuten gizona. Emakume bati beste mugikor bat lapurtu izana ere leporatzen diote.
Udalak Erasoen aurkako Mahaia bildu du gaur goizean, eta asteazkenerako elkarretaratzea deitzea erabaki du, 18:00etan, Herriko Plazan, herritar guztiei parte hartzera gonbidatzeko, Barakaldok emakumeen aurkako erasoak ez dituela onartzen argi uzteko.
Biktima Barakaldoko Udaleko Emakume Zerbitzuak artatu du, eta haren esku jarri ditu baliabide guztiak, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Mugimendu feministak gaitzespen adierazpen bat deitzen badu, Barakaldoko Udalak harekin bat egingo du "edozein indarkeria matxista gaitzesteko mezuan indarrak batzeko asmoz".