Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Indarkeria matxistaren biktima diren 48 emakumek bizkartzaina dute Euskadin, Erkorekaren arabera

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak azpimarratu du erasotzaileak kontrolpean izateko neurriak ere hartzen direla Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 77 gizonek dutela eskumuturreko telematikoa.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburua Euskadi Irratian
Josu Erkoreka Segurtasun sailburua Euskadi Irratian
Josu Erkoreka Segurtasun sailburua Euskadi Irratian

play icon 27:31

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistari aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan hartzen diren neurriez galdetuta, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu du biktimen babeserako hainbat neurri martxan daudela. Datu batzuk ere eman ditu: 48k bizkartzaina dute, 206k kontrabigilantzia eta 111 inguruk Bortxa telefonoa dute larrialdi kasuetan berehalako arreta jasotzeko.

Josu Erkorekaren hitzetan, orain gero eta modu nabarmenagoan ikusten da emakumeez aparte erasotzaile potentzialak ere kontrolpean izan behar direla. Ildo horretan, azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daudela erasotzaile potentzialak kontrolatzeko neurriak. Datu bat ere eman du: 77 gizonek dute eskumuturreko telematikoa, Espainiako beste autonomia erkidegoetan baino proportzio handiagoa.

Erasotzaileei jarritako eskumuturreko telematikoak landa eremuan estaldura tarteko ematen dituen arazoen inguruan galdetuta, Erkorekak erantzun du gailu horien kontrata Espainiako Justizia Ministerioaren esku dagoela.

Erakundeak hasi dira erasotzaileak jartzen neurrien erdigunean. Esaterako, Espainiako Gobernua aztertzen ari da nolabait emakumeei ohartaraztea bere bikotekideak aurrekari matxistak dituela. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde ere badena norabide aldaketa horren alde agertu da, baina pertsona baten ibilbide deliktiboa partekatzeko oztopo juridiko bat eta bakarra ikusten du: datuen babeserako eskubidea.

Aukera horren inguruan galdetuta, Josu Erkorekak zalantza juridikoak agertu ditu. "Fiskaltzak esaten duena da neurri hori posible dela, beti ere kasu larrienetan erabiltzen bada; horrek daukan arazoa da ia nork neurtuko duen kasu bakoitzean larritasun nahikoa duen ala ez neurriari ekin ahal izateko. Balorazioa batek ala besteak ez du berdina egingo, epaile guztiek ez dute irizpide berdina izango, polizia guztiek ere ez dute berdina izango; fondoan dagoen oztopo juridikoa hori da", azaldu du Erkorekak.

Bestalde, Estatuko Segurtasun Indarrek (Ertzaintza eta Foruzaingoa barne) aste honetan Madrilen egin duten bileraz ere hitz egin du. Indarkeria matxistaren aurkako borrokan irizpideak bateratu eta neurriak aztertu izana positiboa dela adierazi du, baina gogoratu du polizia guztiek ez dutela berdin jarduten eta ez dituztela erreminta berdinak. Adibide gisa, emakumeen arrisku maila neurtzeko tresnak ezberdinak direla aipatu du. Euskadin EBA, Etxekoen eta Emakumeen Babesa, sistema erabiltzen da, eta Espainiako Poliziek, ostera, Gaur egun, VioGen izeneko sistema erabiltzen dute. "Dena hobetu daiteke, baina sistema ona dela esango nuke", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea albisteak Indarkeria matxistaren biktimak Albisteak Gaur Albisteak Irratia euskaraz