Gizartea -

Euskara

"Sorionekuak"en sinatzaileek manifestazio "historikoa" antolatu dute ekainaren 10erako, Iruñean

"Euskaraz nahi dugu ikasi, hitz egin, txisteak kontatu, fikzioa ikusi eta amestu", adierazi dute adierazpenaren sinatzaileek, tartean Castilo Suarez idazleak eta Nerea Urbizu abeslariak.

Sorionekuak adierazpenaren aurkezpena. Argazkia: EITB
Sorionekuak adierazpenaren aurkezpena. Argazkia: EITB
Sorionekuak adierazpenaren aurkezpena. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Sorionekuak" adierazpena aurkeztu dute gaur Nafarroan, hizkuntzari dinamika berri bat ezartzeko asmoz, eta "dagokion tratamendua" emateko. Hori horrela, "historikoa" izatea nahi duten manifestazioa deitu dute ekainaren 10erako Iruñean.

"Euskaraz nahi dugu ikasi, hitz egin, txisteak kontatu, fikzioa ikusi eta amestu", adierazi dute adierazpenaren sinatzaileek, tartean Castillo Suarez idazleak eta Nerea Urbizu abeslariak. "Euskaraz bizi" nahi dute, baina gaur egun "oztopoak asko" omen dira, hizkuntza eskubideak "posta kodearen araberakoak" direlako, haien esanetan.

"Ez dugu euskara eta kezka elkar lotuta egotea nahi. Telebista piztu eta euskaraz gozatu nahi dugu. Ez dugu esfortzuarekin lotu nahi. Erosketak egin nahi ditugu eta kezkarik gabe euskaraz jardun, beldur eta lotsarik gabe. Euskaraz bizi nahi dugu ohartu gabe. Zorionekoak izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunera bidea egin nahi dugu", azaldu dute.

Horregatik euskarak "etorkizunari begiratzea" eta "mugarik gabeko etorkizuna" behar dituela uste dute, eta Irulegiko eskuak, 2.000 urtetik gora dituenak, balio dezala etorkizuneko ateak irekitzeko. Horregatik, eragile sozial eta politikoei dinamika aldaketa bat eskatu diete.

"Ardura politikoak eskatzeko garaia da, ez bazterketa betikotzekoa", azpimarratu dute.

Helburua lortzeko bidean, administrazioari ardura bere gain hartzeko dei egin diote, "guk eta milaka pertsonak hamarkada askotan egin dugun moduan".

Izan ere, "amore ematea" ez omen da aukera bat; eta zentzu horretan, "historikoa" izatea nahi duten manifestazioa antolatu dute ekainaren 10erako Iruñean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak