Gizartea -
gertakariak
Txirrindulari bat larri zauritu da Mungian, auto batekin talka egin ostean
Istripua 11:00etan gertatu da, Meñakako bidegurutzean. Kaltetua helikopteroz eraman dute Gurutzetako Ospitalera.
agentziak | eitb media
64 urteko txirrindulari bat larri zauritu da gaur, larunbata, BI-4105 errepidean, Mungian (Bizkaia), auto baten aurka talka egin ostean. Gizona helikopteroz eraman behar izan dute Gurutzetako Ospitalera, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ezbeharra 11:00etan jazo da, txirrindulari batek eta auto batek Meñakako bidegurutzean aurrez aurre elkar jo dutenean. Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Zerbitzuak eta osasun-langileak lekura bertaratu dira zauritua artatzera.
Txirrindulariak zituen lesioen larritasuna ikusita, Osakidetzako helikoptero bat bidali dute biktima Gurutzetako Ospitalera eramateko.