Gizartea -

Indarkeria matxistako biktimak

'Indarkeria matxistaren biktimei emandako erantzuna humanizatzen jarraitzeko' konpromisoa berretsi du Urkulluk

Indarkeria matxista jasan duten emakumeen arreta hobetzeko hirugarren akordioaren sinadura ekitaldian egin ditu adierazpenak Lehendakariak. EAEko erakundeetako kideak bildu dira bertan.

Sinadura ekitaldia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Sinadura ekitaldia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Euskal erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa sinatu dute gaur

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal erakundeek "Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. akordioa" sinatu dute gaur Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen ekitaldi instituzional batean. Hitza hartu duenean, indarkeria matxista jasan duten emakumeek jasotzen duten erantzuna humanizatzen jarraituko dutela erakundeek azpimarratu du Lehendakariak. "Emakume bakoitzak arreta sistemaren zentroa izan behar du, eta ez alderantziz" azpimarratu du.

Akordioaren helburua da tratu txarren eta sexu-erasoen biktimen arretan inplikatuta dauden erakundeen arteko koordinazioan aurrera egitea eta osasun, segurtasun, eremu judizialean eta sozialean babes osoa bermatzea. Horrez gainera, biktima izan diren emakume horiei zerbitzu hauetarako sarrera erraztea ere bilatzen dute. Erakundeetatik azaldu dutenez, biktimen beharrak erdigunean jartzeko bidean urrats garrantzitsua da.  

2001ean eta 2009an sinatutako hitzarmenak eguneratzen ditu gaur sinatutakoak. Iñigo Urkulluren hitzetan, akordio hauei esker, aurrera egin da urte hauetan guztietan erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen dieten "erantzunaren ikuspegi integral batean". Horrez gainera, "erabakigarria izan da biktimen arreta eta babesa garrantzi handiko leku batean jartzeko".

Lehendakariak arreta-zerbitzuen eraginkortasuna eta profesionaltasuna nabarmendu ditu. Hala ere, etengabeko hobekuntza prozesu batean bizi direla gogorarazi du eta akordioaren berritze hau beste pausu bat dela azaldu du.

Estatuan izandako hilketa matxisten gorakada ere gogorarazi du eta Euskadin ere hildako bat izan dela aipatu du. Azkenik, nabarmendu du "mundu osoko arazo iraunkor baten icebergaren gailurra" direla eta horren "sustraia berdintasun eza" dela. Segidan, berdintasun politikak bultzatzen jarraitzearen beharra azpimarratu du, horretarako prebentzioaren alde eginez.

Sinadura ekitaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek (Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano), EUDELeko presidenteak (Gorka Urtaran),  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko ordezkari batek, Carmen Adanek (EAEko fiskal nagusia), Manuel Lezertua Arartekoak, Gerardo Lopezek (Legeriaren Euskal Kontseilua) eta Cosme Navedak (EAEko Medikuen Elkargoa) hartu dute parte. Beatriz Artolazabal sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere bertan izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza berriak Emakunde albisteak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia Euskadiko Udalen Elkartea albisteak