Gizartea -
IKUSPEGIREN TXOSTENA
Euskadiko biztanleen % 40k ez lioke etxebizitza ijito etniako pertsona bati alokatuko
Ikuspegiren txosten baten arabera, gainera, % 30ak ijito bat lanerako kontratatzea saihestuko luke. Elkarrizketatutako hamar pertsonatik ia lauk sahiestu egingo luke seme-alabak ijito etniako adingabe asko dauden ikastetxe batera eramatea.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren herritarren % 40k ez liokete etxebizitza ijito etnia duen pertsona bati alokatuko, eta ia % 30ek dio norbait kontratatu beharko balu lan egiteko, beste hautagai batzuen prestakuntza eta esperientzia berdinarekin, ijito bat kontratatzea saihestuko lukeela, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako txosten baten arabera.
Ostegun honetan Gasteizen aurkeztu den 'Neurtu 2022' azterlanaren arabera, inkestan parte hartu duten hamar pertsonatik bederatzik baino gehiagok adierazi dute ez dutela arazorik ijitoekin lan- eta hezkuntza-testuinguruan harremanak izateari dagokionez, ezta ijitoek rol handiagoa (zuzendaritzakoa) edo berdina (lankidea edo ikaskidea) izateari dagokionez ere.
Hala ere, bizikidetzaren onarpen maila hori nabarmen jaisten da, beren seme-alabak ijito etniako adingabe asko dauden ikastetxe batera eramaterako garaian. Horrek ondorioztatzen du elkarrizketatutako hamar pertsonatik ia lauk saihestu edo baztertu egingo luketela pertsona horiekin harremana.
Txostenaren arabera, Euskadiko biztanleen % 40k baino gehiagok adierazi du ijitoren bati buruzko iruzkin negatiboen edo zurrumurruen lekuko izan dela, eta % 34k baino gehiagok esan du isekak, txantxak, txisteak, imitazioak edo antzekoak ikusi dituela.
0tik 10era bitarteko eskala batean, etnia horretako pertsonekiko sinpatia-maila 5,79 puntukoa da batez beste, eta aitortutako tolerantzia pertsonala, berriz, 10etik 6,65 puntukoa
Testuinguru horretan, Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, euskal gizartea "ijitoek pairatzen duten diskriminazio-egoeraren eta integrazio eskasaren jakitun da", eta "kontzientzia horri esker", diskriminazio mota hori eta beste batzuk geldiaraztea lortuko dea.