Gizartea -
ZIBERERASOA
Zibereraso saiakerak Bizkaiko 112 udaletatik 107ri eragin die
Urtarrilaren 28an hautemandako ziberaso saiakeraren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi du behin-behinean udalen egoitza elektronikoko zerbitzua.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
BiscayTIK fundazioaren zerbitzarietan izandako zibereraso saiakera eragin zabala izaten ari da Bizkaiko udaletan, zehazki, 112 udaletatik 107tan. Bizkaiko Foru Aldundiak behin-behinean bertan behera utzi ditu egoitza elektronikoko zerbitzua eta udalen barne kudeaketarako sistemak, baina asteazkenetik aurrera lehengoratzea espero du. Aldundiaren ardurapean dagoen BiscayTIK fundazioak ematen die lurraldeko udalerriei egoitza elektronikoaren zerbitzua.
Ibon Oñate Bizkaiko Foru Aldundiko estrategia digital eta korporatiben kabineteko buruak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, ziberaso saiakera urtarrilaren 28an gertatu zen. Informatika zerbitzuko prebentzio sailak egiaztatu zuen baimenik gabeko bi erabiltzaile "sistemaren barruan" zeudela eta, horregatik badaezpadako neurri gisa sarea isolatzea erabaki zuen.
Egindako lehen proben egiaztatu ahal izan dute "hasiera batean, gure sistemek behar bezala funtzionatu dutela, eta horregatik identifikatu dituzte". Dena dela, onartu du sartu egin direla eta hori dela eta neurriak hartu behar direla horrelakorik berriro gerta ez dadin.
Oñateren arabera, pirata informatikoak "aurretiko fase batean" antzeman dituzte, birusa sisteman zabaldu eta "trukean dirua eskatu edo xantaia egin baino lehen".
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du segurtasun maila indartu duela eta arreta gehiago jarri duela "sartzea lortu duten horretan".